asa den asteartean 80 urte bete ziren Donostiak Altza bere gain hartu zuenetik. 1940ko apirilaren 6an egin zuten, Txaparrene inguruan, anexioaren ekitaldi ofiziala. Altzako alkate Antonio Silva alde batean, eta Donostiakoa, Antonio Paguaga, bestean, ondoan Elias Querejeta zuela (Aldundiko presidentea eta Mugimendu Nazioaleko probintzia-burua). Bi udalerriak banatzen zituen muga legokeen tokian zinta jarri eta hori moztuta irudikatu zuten anexioa. Paguagak moztu zuen. Aizkorarekin.

Aizkorakada horrek bukatu zuen Altzako 61 urteko independentziarekin. 1879.ean onartu zioten Altzari erabateko autonomia Donostiarengandik, urteak baitzeramatzaten ika-mika eta, hiriaren parte zenean ere, autonomia maila altua zuen. Aurretik beste independentzia aro bat ere izan zuten altzatarrek, askoz ere laburragoa, 1821 eta 1823. urteen artean (orduan, Fernando VII.aren itzulerak bukatu zuen egoera horrekin eta Altza Donostiarekin bateratu zuen).

Dena den, askoz ere garrantzitsuagoa izan zen XIX eta XX. mendeen arteko bigarren burujabetasun fase hori. Izan ere, Altza (eta altzatarrak) nabarmen eraberritu baitzen garai horretan. Batez ere landa eremua zena, 1910etik 1940ra modernizatu egin zen eta garapen garrantzitsua izan zuen. Inmigrazioari esker, populazioa hirukoiztu egin zen 30 urte haietan (2.683 pertsona ziren mende hasieran eta 1940rako, 7.159) eta jarduera eta lantoki berriak sortu ziren, industria indartuz, María Rosario Roquero ikertzailearen arabera. Nolabait, 1960. urtetik aurrera etorri zen hazkundearen aurrekari izan zen garai hori.

Testuinguru horretan, Donostiako Udala gutxienez hirutan saiatu zen Altza bereganatzen 1917 eta 1925. urteen artean, eta ez zuen lortu. Baina 1940.ean, Gerra amaitu berritan eta erregimen berriak aukeratutako agintariak jarrita, akordioa errazagoa izan zen.

Altzatarren buru Antonio Silva jarri zuten eta Donostiako alkate Antonio Paguagarekin negoziatu zuen fusioa. Orduko ekonomia ez zela oso ona eta eskola eta errepide berrien truke "saldu" omen zuen Altza, baina herritarrak ez zetozela erabaki horrekin bat diote ikertzaileek, Altzako Historia Mintegiaren arabera.

Berez 1940ko martxoaren 9an onartu zuen Ministroen Kontseiluak anexioa, baina ekitaldi ofiziala apirilaren 6an egin zuten. Eta une hartako argazkiak esanguratsuak dira, oso, AHMren ustez. Batez ere, guraizeak erabili beharrean aizkora erabiltzearen sinbolismoa nabarmendu dute.

Gaur egun

Independentziatik, barrutira

Zortzi hamarkada pasa dira ordutik eta egungo Altza ez da garai hartakoa. 52.000 biztanle inguru ditu garai bateko Altzako udalerria zena (guztira, 14,5 kilometro karratu, Intxaurrondo eta Bidebietaraino heltzen baitzen). Hala ere, indar handiagoarekin edo txikiagoarekin, garaiaren arabera, subiranotasun aldarriak hor jarraitzen du.

Geografikoki hiriaren ertz batean dago Altza eta ezaugarri sozialak eta ekonomikoak ere ez datoz guztiz bat gainerako hiriarekin. Ezaugarri propio horiei erantzun nahirik sortu zen 2018an Ekialdeko Barrutia, kudeaketa deszentralizatzeko asmoz. Egoitza garai bateko udaletxean dauka. Dena den, eta bi urte pasa diren arren, barrutia oraindik hastapenetan dagoela bat egiten dute batzuek eta besteek.

1879. urtetik 1940. urtera arte Altza udalerri izan zen eta batez ere landa eremua zenak eraldaketa garrantzitsua bizi izan zuen urte haietan

XX. mende hasieran Donostia hirutan saiatu zen Altza bereganatzen, baina ez zuen lortu; frankismoaren lehen alkateek sinatu zuten fusioa