Gaur egungo 187.000 donostiarrontzat pandemia gauza berria da; aurreko donostiarrentzat, ordea, ez. Aurretik epidemiak bizi izan ditu hiriak eta gainditu ditu. Eta aldaketak ere ekarri dituzte egoera gogor horiek.

Nagusiena, gaur festa egun handia bihurtu den urtarrilaren 20ko ospakizuna da. Sebastian santuari eskerrak emateko jaia izurri bubonikoaren ondorio zuzena da.

Izurria

Arropak erre eta kutsatuak konfinatu

Erdi Aroan hainbatetan izan ziren izurriteak han eta hemen. Gogorrena izurri beltza izan zen: XIV. mende bukaeran Europako herritarren herena hil zuen ia. Donostiara, merkatari hiria izanik, iritsi ziren horietako batzuk. Nagusiena (bortitzena) 1597. urtean heldu zen, Pasaiatik iritsita eta harresi barruraino sartuta. 16.000 biztanle zituen orduan Donostiak eta 650 inguru hil zituen izurri bubonikoak (horietatik, 400 emakumezkoak ziren). Pasai Donibanen eta Oñatin ere hildako asko utzi zituen urte haietako pandemiak (populazioaren ia erdia galdu zuen Pasai Donibanek).

Sevillatik, Lisboatik edo kutsatutako beste herrietatik ontziz zetozenak Donostiako harresien barrura sar ez zitezen, hainbat neurri hartu zituzten orduan. Esaterako, Santa Klara uharteko ermitan egokitzapenak egin eta bertara eraman zituzten kutsatuta zeuden portuetatik zetozenak. Bertan konfinatu zituzten eta haien senitartekoekin biltzen ere ez zieten utzi.

Baina, hala ere, harresiak zeharkatu zituen izurriak. Gaixoak isolatu zituzten, hiriko ateak itxi, arropak erre, garai hartan ohikoak ziren odol-ateratzeak egin zituzten, bentosak, usain-belarrak erre... Dena den, izurriari aurre egiteko modurik ez zuten eta kutsatutako gehienak hil egin ziren. Gainera, izurriaren ondorioz gosea ere zabaldu zen.

Baliabideak zituztenek hiria utzi zuten eta izurriak batez ere baliabide eskasagoak zituztenak eraman zituen, baita zainketa lanetan aritzen ziren emakumeak eta haurrak ere.

Iruditeria tradizionalak izurriak gezien bidez adierazten zituen, jainkoek zerutik botatzen zituzten gezien bidez. Hala, gezi-eraso baten ondoren bizirik iraun zuenak herritarrak salbatu zitzakeelako ustea zabaldu zen. Eta Sebastian santu frantsesak bere lehenengo martirioan horrelako eraso bati aurre egin zionez, izurriaren aurkako bere "indarra" eta ospea zabaldu egin ziren. 680. urtean Erroman izandako epidemia berak gelditu zuela ere zabaldu zuen Pablo Diácono historialariak.

Hala, donostiarrek Sebastiani otoitz egin zioten XVI. mende bukaera horretan eta, epidemia amaitutakoan, bere parte-hartzea ezinbestekoa izan zela sinistuta, eskerrak emateko Antiguako ermitaraino prozesioa antolatzen hasi ziren urtero, santuaren erlikia bat eramanda (baso bat omen zen) urtarrilaren 20an. Prozesio hori jai bilakatu zen denborarekin.

Ura eta garbitasuna

Kolera eta sukar tifoidea

Epidemia berriak iritsi ziren ondoren, kolera esaterako, baina 1813ko suntsiketatik berraltxatzen ari zen Donostian ez ziren hain gogorrak izan. Hiria berria zen eta horrek eragin zuzena izan zuen 1834ko udazkenean heldu zen koleraren eragina murrizteko.

7.000 biztanle omen zituen harresi barruko hiriak. Bentilazioa zuten, kale zabalak eta etxe berriak, ez zegoen txabolarik eta garbitasuna ere garai hartako beste herrietan baina hobea zen. Idatzien arabera, itsasoz etorritako jauntxo baten alaba hartu zuen kolerak, bere emaztea, okin bat, tabernari bat, arroparekin lan egiten zuten bi gizonezko eta gaixoak zaintzen zituzten pertsonak. Guztira, hamabi kutsatu eta bost hildako bakarrik utzi zituen han. Harresietatik kanpo, aldiz, 63 kutsatu eta 41 hildako izan ziren. Gehienak San Martin auzoan.

XX. mendean jada, Belle Époque delakoaren hasieran, populazioa hazten eta hazten ari zen eta horrek ur horniduran arazoak ere ekarri zituen, hiritik gertu zeuden putzu eta iturburuak ez baitziren nahikoak. Urumean aukera berriak bilatu eta presa bat eraiki zuten Añarbe ibaian, Artikutzaren ondoan. Orduan, 1902. urtean, sukar tifoidea delakoak 40 lagunetik gora hil zituen hirian eta, ikerketak abiatuta, arazoa Artikutzatik zetorren urak ekarri zuela konturatu ziren: kutsatutakoen arropa hango uretan garbitzen zuten eta ur zikinak ere jasotzen zituen handik zetorren urak. Hala, uraren kalitatea bermatzeko Artikutzako lurrak kontrolatzeko beharra ikusi zuen Udalak, eta 1919. urtean erosi zuen lursaila.

Bereziki, gazteak

Gripe Espainiarra

Erosketa horren aurretik, 1918.ean, Gripe Espainiarra delakoa Donostiara ere iritsi zen eta hildakoen kopurua igo egin zuen: bi hilabetetan 735 hildako izan ziren hirian, populazioaren %1,1 (gaur egun ia 2.000 pertsona izango lirateke). Orduko hildako gehienak pertsona gazteak ziren, bereziki 15 eta 44 urte bitartekoak.

Lehen Mundu Gerraren ostean etorri zen pandemia eta, horrek, nola ez, eragina ere izan zuen, ahul harrapatu baitzituen norbanako eta herri asko. Hala, mundu osoan 40 edo 50 milioi hildako eragin zituen.

Gripea bera bezain azkar, gaur egun bezala, beldurra ere zabaldu zen. Eta gaur egun zabaldu diren neurriak hartu zituzten orduan ere: maskarillak derrigorrezkoak ziren, antzerki eta ikuskizunak bertan behera gelditu ziren...

Danborrada edo Artikutzako urtegia hiria jo zuten epidemia eta gaixotasunen ondorio zuzena dira. XXI. mendean, ikusteko dago, koronabirusaren osasun-krisia gainditutakoan horrek hiriari zer aldaketa ekarriko dizkion.

Izurri bubonikoa harresi barrura sar ez zedin, kanpotik zetozenak Santa Klara uhartean konfinatu zituzten