donostia - Donostiako udal Gobernuak Urgull mendian saneamendu sarea eta zerbitzuak berritzeko lanak presaz esleituko ditu. Gehienez sei hilabeteko epea izango dute obrak egiteko baina lan nagusiak udarako prest izatea nahiko luke Udalak. Esaterako, Urgulleko tabernaren ondoan jarriko den komuna (bakarrik garbitzen den horietakoa) ekaina edo uztailean zabaldu nahi dutela esan zuen atzo Eneko Goia alkateak, aurreko udan gertatu ziren arazoak ekiditeko.

Lanak, dena den, zabalagoak dira eta milioi bat eurotik gorako aurrekontua izango dute. Urez hornitzeko sarea berrituko dute, eta horrela Motako gazteluan urak presio handiagoa izango duenez, han bertan komunak irekitzeko aukera izango dute. Gainera, Mota gaztelua, Natur Txokoa eta taberna hiriko saneamendu-sarearekin lotuko dituzte (gaurko egoerak ingurumenean arazoak sortzen ditu).

Gazteluko argindarraren potentzia ere handituko dute eta, horrela, aire girotua jarri ahal izango dute. Horrekin batera, kaleko argien eta argi apaingarrien sarea berritu eta zabaldu egingo dute eta, modu horretan, berreskuratzen ari diren harresia ikusgarriago egingo dute.