DONOSTIA. Pasa den denboraldian Europako txapeldunorde izandako hockey taldeak eta Erreginaren Kopa lortu zuen futbol taldeak jaso zuten atzo 2020ko Urrezko Danborra, San Sebastian egun handian. Danbor hotsak kalean (Haur Danborradako 5.000 haurrek egin zieten ongietorria txapeldunei), udaletxeko Pleno aretoak hartu zuen banaketaren ekitaldia. Erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak, aurreko urteotan sari bera jasotako batzuk eta familia eta lagunak izan ziren gala hunkigarriaren lekuko.

Alkate soinuaren doinuekin eta txistularien atzetik sartu ziren areto nagusira Nereba Belzunegi, Nahikari Garcia eta bi taldeetako beste kapitainak, Jokin Aperribay Realeko presidentea eta Eneko Goia alkatearekin batera. Lehen hitzak, dena den, pantailaren beste aldetik etorri ziren, emakumezkoen futbol eta hockey taldeen ibilbideari buruz. Atzoko protagonistetako batzuk ere mintzatu ziren bideoan. "Saririk politena da hau, eta pribilegioa: bihotzez, mila esker", esan zuen Iraia Iparragirrek; "ohorea da", Maider Altunak; "Realak jaso zezakeen saririk onena da", gaineratu zuen Aperribayk; "guretzat eredu zarete", Ander Guevarak.

Talde bakoitzaren glosa egiteko Maite Azkoaga hockey jokalari eta kapitain ohia eta Garbiñe Etxeberria nesken futbol taldeko kirol zuzendaria igo ziren taula gainera. Azkoagak Reala hockeyan ere harrobiko taldea dela nabarmendu zuen eta kirolaz harago doazen balioak lantzen dituela taldeak. Izen propio batzuk ere aipatu zituen, Mari Ayestaranena, besteak beste. Titulu asko lortuta, Realaren eta Donostiaren izena harro daramatela Europa osoan gaineratu zuen: "Emaitzak garrantzitsuak dira; baina polita, finalerako bidea izan da". Hainbat kiroletan emakumezkoen taldeek egindako lana ere gogoratu zuen eta Bera Bera edo Atleticoren izenak aipatu zituen. "Atxurrak, gora!", amaitu zuen.

"Zein gozamena den hemen zuekin egotea; hondartzaren ondoan... Hor hasi zen dena, duela 40 urte", hasi zen Etxeberria. Atzera begiratu eta "miresmena, poza eta harrotasuna" sentitzen dituela esan zuen, 60. eta 70. hamarkadetan futbolean hasi ziren neskengatik: "Ausartak, ekintzaileak, beldurrik gabekoak... Eta ilusioa zegoen, zuena bezalakoa". Oztopoak oztopo, gehien gustatzen zitzaiena egiteko biltzen ziren. Eta oztopo horiek oraindik hor daudela ere esan zuen. "Baina badakigu zer nahi dugun: futbolean jokatu", gaineratu zuen. Kopa irabazi zuten neskei harro daudela esan zien, haien lana eredugarria delako. "Bidean goaz; ez gaitezen gelditu orain. Aurrera neskak! Aurrera Reala!".

Goiak hartu zuen hitza ondoren. "Granadan eta Holandan bi partida garrantzitsu jokatu zenituzten. Baina Donostiako Udalak ez dizue saria horregatik eman", esan zien. Hala, emakumezkoek kirolean ere duten lekua aldarrikatzeko Urrezko Danborra dela aurtengoa esan zuen, eta bereziki Donostiako taldeek goi mailan lortu dutena nabarmentzekoa, gizartearen lorpen baten gisa. Eskaeraren bat ere egin zien bi taldeko neskei: "Segi kamiseta hori harrotasunez eta pasioz defenditzen; eta ez ahaztu eredu zaretela gazte askorentzat eta hori erantzukizun handia dela".

Eskerrak "Gure pasioa da"

Hitzen ondoren Union Artesanakoen danborrak mintzatu ziren berriro eta Iriyarenaren doinuek bete zuten aretoa. Belzunegi eta Garcia taula gainera igo ziren eta Goiaren eskutik aurtengo Urrezko Danborra jaso zuten. Aurrez aurre zituzten taldekideei begira, harmailetan zeuden lagun eta senideei... Irribarretsu eta urduri, dantzariek haiei eskainitako Ohorezko Kontrapasa amaitzean hitza hartzeko ordua heldu zitzaien, taldearen izenean.

Realeko "urrezko belaunaldia" goraipatu zuen Belzunegik, hunkituta: "Haiekin iritsi ziren garaipenak eta haien ondoren iritsi gara gu". "Hockeya maite duen neska taldea" direla nabarmendu zuen, talde amateurra, Europako txapeldunorde izan arren. "Ez zaigu inporta orduz kanpo entrenatzea eta bizitza pertsonala sakrifikatzea; gure pasioa da", gaineratu zuen. Etxean aintzat hartzea zailena izaten dela ere esan zuen eta sari honek dakarren aitorpena azpimarratu zuen. "Ez da ohore gehiago sartzen hitzaldi honetan", esan zuen.

"Oso garrantzitsua den zerbaiten hasieran gaude", esan zuen Garciak, emakumezkoen kirolaren ibilbideari eta profesionaltasunari buruz. "Urrezko Danborrak aurrera jarraitzera bultzatu behar gaitu", gaineratu zuen.

Hitzak amaituta, ekitaldia borobiltzeko taldekide guztiei dei egin zieten, argazki ofiziala ateratzeko. "Aupa neskak!", entzun zen publiko artetik danbor hotsen eta txalo zaparrada indartsu eta luzearen gainetik. Guztiak elkarrekin, San Sebastian Martxa eta Realaren ereserkia jo zituzten danbor eta txistuek. Besarkadak, saltoak, barre algarak eta irribarreak... Urrezko Danborra eskuetan, ospakizunak hasi besterik ez ziren egin. Egun luzearen ondoren, banderaren Jaitsieran ere egongo ziren hockey eta futbol jokalari batzuk Konstituzio plazan.