Astelehenean kaleak beteko dituzten 5.000 haurren ordezkariek bete zuten atzo Victoria Eugenia antzokia, Haur Danborradaren urteroko aurkezpen festan. Danborrak eta barrilak prest dituzte, baita hiri osoa haiei begira jartzeko aginte makilak ere.

Urduri sartu ziren aretora Haur Danborradan aterako diren 41 ikastetxe eta 48 konpainietako ordezkariak (zazpi eskolek bi konpainia dituzte), baita bihar eta etzi kalez kale arituko diren beste lau haur danborradetakoak ere (Antiguako haur danborrada, Katalina de Erauso eta Gaztelubide eta Kresalako gazteak). Agurrak, txantxak, danbor hotsak, garrasiak... Soldadu, sukaldari eta urketari jantziak soinean, kolorez bete zuten aretoa, argiak itzali baino lehen. Haiek berriro piztean jaso zuten lehen sorpresa: telebista pantailatik atera eta Go!azeneko Igor eta June agertu zitzaizkien edo, hobeto esanda, Xanti Korkostegi eta Lorea Intxausti aktore donostiarrak. Aurkezle lanetan aritu ziren.

Gaztetxo antzerki eskolakoek Legally blonde haien azken musikala aurkeztu zuten ondoren taula gainean, apiriletik aurrera eskainiko dutena. Iaz Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuten an-tzerki taldekoek eta haien saioa gogoz txalotu zuten atzo gaztetxoek. Txaloak bakarrik ez, danbor hotsak ere jaso zituzten ondoren taula gainera igo zirenek: izotz hockeyko Txuri Urdin taldeko jokalariak agertu ziren, lehiaketako jantziak, sukaldari txanoak eta danborrak gerrian zituztela. Stickarekin zuzendu zituzten gaztetxoak Dianaren doinuak jarraituz.

Danborrak utzi eta aulkitik altxa behar izan zuten ondoren, Astonautak eta Ene Kantak taldeko kideek dantzan jarri baitzuten antzokia minutu gutxitan. Gaur eta bihar saio bereziak eskainiko dituzte nafarrek Victoria Eugenian eta atzokoa haientzat ere beroketa izango zen.

Hurrengo gonbidatua, berriz, ezustekoa izan zen. Lapur bat agertu eta, zer eta, danborra ostu zion aurreko eserlekuetan zegoen gaztetxo bati. Ertzaintzari deitu eta hiru polizia agertu ziren taula gainean, gaztetxoei gomendioak eman eta, arazoren bat izanez gero, haiei deitzeko gogoratzeko.

Bamboo dantza taldeak hartu zuen lekukoa. Dantza urbanoen World of Dance txapelketan bigarren egin zuten donostiarrek eta Los Angelesen jokatuko den munduko txapelketarako txartela lortu dute berriki. Saritutako koreografia egin zuten taula gainean.

Taula horretara ezin izan zuten igo, ordea, Realeko ordezkariek. Urrezko Danborra jasoko duten futbol eta hockey taldeko neskek pantailaren beste aldetik agurtu eta animatu zituzten danbor-jole gazteak, baita mutilen taldeko Asier Illarramendi kapitainak eta Luca Sangallik ere.

Dominak eta makila

Sorpresak eta gonbidatuak amaituta, asteleheneko protagonisten txanda heldu zen eta banan-banan 52 konpainietako ordezkariak igo ziren taula gainera. Azkenik, Haur Danborradako pertsonaiak igo ziren, Aitor Ikastolako ikasleek gorpuztuta (aurten Easo Ederrik ez da izango), baita Harri Berri Oletako Aimar Capa danbor nagusia ere.

"Ikuskizun bikaina eskainiko diguzue. Burrunba handiz, alaitu hiria; gora Donostia!", esan zien Eneko Goia alkateak, pertsonaia nagusiei dominak banatu aurretik. Gaztetan ezin izan zuela Haur Danborradan parte hartu eta inbidia puntu bat sentitzen zuela ere aitortu zien. Haren eskutik jaso zuen Aimar Capak makila eta hura hartuta zuzendu zuen San Sebastian Martxa. Sarriegiren melodiarekin eta danbor hotsekin amaitu zen ekitaldia, Haur Danborradari hasiera baino eman ez diona.