Zuntza 2021 taldeak, Arrasateko Alde Zaharrean zuntz optikoa "lehenbailehen" jartzeko aldarrikapenarekin sortua, kritikatu du moteltasuna: "Udalak herriari agindu zion ekainerako erdigune osoan zuntza erabilgarri egongo zela eta lanak oraindik oso-oso atzeratuta daude; gainera inork ez du epeen inguruko informaziorik"

"2021eko maiatzean Iturriotz kalean argazkia atera zuen alkatetzak zuntz optikoa Alde Zaharrean berehalaxe jarriko zela iragarriz komunikabideen aurrean, hain ohikoa duten argazkiaren politikaren beste agerraldi batean. Hauxe izan zen orduan titularra: Herritarrek zuntz optikoa erabili ahal izango dute Alde Zaharrean 2022ko lehen seihilekotik aurrera", azaldu dute ohar baten bidez. Hala ere, Zuntza 2021 taldeak ohartarazi du "epea betetzear dago eta guztiok argi ikusten dugu urruti dagoela oraindik Alde Zaharreko biztanle nahiz langileok ganorazko Internet konexioa lortzeko unea". Testuinguru honetan, "pazientzia" agortzen ari zaiela baieztatu dute.

Lanak 2021ko azaroan hasi zituzten, Ferrerias kalean. "Oraindik kale honetako zati batzuetan agertzen eta desagertzen dira toki berberetan noizean behin beharginak, ezin dutenak inolako eperik eman instalazioaren inguruan, euren hitzetan", adierazi du taldeak. "Hala ere, ez dirudi urte osoa hartuta ere amaituko denik instalazioa, oraindik atarte eta etxeetara sartzeko prozesua ozta-ozta hasi ei da eta. Erritmo honetan, noiz amaituko dute? Zenbat urte beharko dira? TAOren bulegorako berehala sartu zuten zuntza, baina, noski, hori Udalaren behar bat asetzeko zen", galdetzen diote bere buruari arrasatear hauek.

Lanean "ganoraz" hasteko eskatu dute

Oraindik ere arazo "handiak" dituzte Internet konexioarekin etxebizitza, komertzio eta bestelako establezimenduetan azpimarratu dute. "Orain ez dugu nahi alkatetzatik beste komunikatu edo albiste gisa etorriko den pilula lasaigarririk, ez eta bestelako aitzakiarik ere", diote Zuntz 2021 taldeak. Lanean "ganoraz" hastea exijitzen dute, "herritarrak epeen inguruan eta instalazioaren nondik norakoen inguruan zintzotasunez aldiro informatzea eta instalazio lanei Udaletik benetako jarraipena egitea". "Kanpora saltzen den Arrasate moderno eta lehiakorrak ez daukalako zerikusirik askok bizi dugun eguneroko errealitatearekin", nabarmendu dute.