- Def Con Dos, NOFX, Bad Religion, Guilty Brigade, Berri Txarrak, Su Ta Gar Arkada Social, Des-Kontrol, Evaristo, Segismundo Toxicomano, Brigade Loco eta beste musika talde batzuk dira Aitor Bengoa Polik sinatzen dituen 22 argazkien protagonistak. Musika eta argazkilaritzaren zale amorratu den aretxabaletar honen bildumaren zati txiki bat ikusgai dago hilaren 30era arte Arkupeko erakusketa gelan.

Polik bost bat urte daramatza agertokiz agertoki argazkiak ateratzen bere kamararekin. "Hiru lagunen artean egin dugu aukeraketa eta oso zaila izan da iritziak bateratzea. Taldeak ez errepika-tzen saiatu naiz, eta enkoadraketa ezberdinak erakusten ere bai: plano itxiak, zabalagoak...", zehaztu du argazkilari aretxabaletarrak.

Punk-rock taldeak ditu bereziki gustuko. "Makarra musika, asko gustatzen zait", baieztatu du. Pandemia sasoian ez da kontzertua askorik izan, hala ere, Polik ez dio argazkiak egiteari utzi. "Asteburu guztietan ibili naiz, zortea dut akreditazioak lortzeko. Dena dela, publikoa eserita egoteak xarma asko kentzen du, jendearen keinuak, saltoak...", aitortu du.

Oholtza gainean, bateriaren atzean, aretoko hainbat lekutatik... Polik nahi duena egiten du kamerarekin. Argazkiak hainbat ikuspuntutatik. Artea.