- Panderoa lehenengo planora ekarriko dute ekainaren 20an Amaia antzokiko oholtzan. Trikitixaren munduan eskarmentu handia duten musikariak izango dira protagonistak Arrasateko Trikitixa Eskolak antolatu duen jaialdian. Elizagoien ahizpak&Oses-Leuza anaiak; Izer eta Eneko Dorronsoro; Khami; eta Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok osatzen duten Amak taldeek erritmoa jarriko diote 18.00etan hasiko den ikuskizunari. Horiekin batera, Kepa Junkerarekin sei bat urtez hara-hona ibilitako zazpi sorginek sortutako Neomak taldea ere igoko da taula gainera. Kideen artean, Irati Gutierrez, Leire Etxezarreta eta Amets Ormaetxea arrasatearrak daude.

Jaialdiari jarraipena ematea eta Sanjoanetan leku propioa izatea da asmoa. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.arrasate.eus-en, 10 euroren truke. Kontzertua ETB-1eko Oholtzan saioan emango dute uztailaren 17an.