- Telesforo Monzon politikari, idazle, euskaltzale eta kultur sortzaileari omenaldia egingo diote Bergarako udal pilotalekuan, haren heriotzaren berrogeigarren urteurrenean. El Jarron roto idazlanetik tiraka, Lorontzia berreraikiz lelopean jaialdia antolatu du Ahaztu Barik Memoria Elkarteak. Euskal kultura oinarri hartuta, eta herriko kulturgileei protagonismo berezia emanda, egitarau “oparoa” prestatu dute hilaren 20rako (17:00etan).

“Monzonek El Jarron Roton bere mina adierazi zuen Espainiako Estatuak euskal lurraldeen zatiketa inposatu zuelako; euskal lurraldeak, lorontzia apurtuz. Guk martxoaren 20an lorontzia berreraikiko dugu: herri ikuspegitik eta ikuspegi kulturaletik”, adierazi zuten antolatzaileek jaialdiaren aurkezpenean.

“Monzonen letra eta abestietatik abiatuz, ikuspegi kulturaletik loron-tzia berreraikiz hamaika adierazpide taularatuko ditugu, klasikoak eta modernoak, atzokoak, gaurkoak eta biharkoak”, gaineratu zuten.

Bergarako musikarien folk estiloak, Sustrai Colina eta Maddi Ane Txoperenaren bertsoek, Brigade Locoren punk-rock oi!-k, La Basuren rap-ak eta Chill Mafiaren trap apurtzaileak girotuko dute jaialdia. Moises Azpiazu dantza taldeak, eta herriko marrazkilari eta grafiteroek ere jantziko dute ekitaldia. Bukatzeko, Gotzon Barandiaran euskal kulturaren transmisioaz eta biziberri-tzeaz, eta Olaso Dorrea Fundazioko kide den Urko Aiartzak Telesforo Monzonen ondare kultural eta politikoaz arituko dira. Sarrerak salgai daude Pol-Pol eta Arrano tabernetan hamar euroren truke. Lortutako dirua “euskal kultura sustatzeko” erabiliko dute.