Aretxabaleta - Aretxabaletako EH Bilduk aurrekontu parte-hartzaileak sustatzeko helburuarekin urrian abian jarri zuen prozesuaz "balorazio positiboa" egin du, "herritarrek egindako harreragatik". Proposamen "mamitsu" asko jaso dituela adierazi du EH Bilduk; batzuk, epe luzerako ideiak, eta beste batzuk, epe motzean "egingarriak", baita hobekuntza txikiak ere: "Ideia onak, EH Bilduk dituen lehentasunekin bat datozenak", azaldu du koalizioak.

Hiru aipatu dituzte adibidetzat: Kultur ekintzetarako sarrerak online erosteko aukera; autokarabanen urak aldatzeko gunea; eta Salluente ermitara doan bide zaharra garbitzea.

Bestetik, EH Bilduk azpimarratu du Udal Gobernuaren aldetik oraindik ez dutela jaso 2021eko aurrekontu proposamenik: "Gure solaskidea beti Udal Gobernua izanik, aurrekontu proiektua ezagutu arte eta Gobernuari aurkeztu arte, gure proposamenak publiko ez egitea erabaki dugu", dio EH Bilduk.