"Diru publikoa herriarentzat" lemapean manifestazioa egingo dute bihar Oñatin

Diru publikoa herriarentzat lemapean manifestazioa egingo dute bihar Oñatin herriko hainbat eragilek deituta. 13:00etan irtengo da Herriko plazatik

13.11.2020 | 10:48
"Diru publikoa herriarentzat" lemapean manifestazioa egingo dute bihar Oñatin

"Une zailak bizi ditugu, ziurgabetasun handikoak. Egoera oso larria da eta ospitaleetatik jada SOS dei bat egiten ari dira berriz ere. Egoera honetara iritsi izanaren ardura osoa jendearen gain botatzeko interesa dago. Baina gure iritziz ardura nagusia etxeko lanak egin ez dituzten gobernuena da. Ez dituzte beharrezko inbertsio publikoak egin osasungintzan, hezkuntzan eta laguntza sozialetan", salatu zuten biharko manifestazioaren bultzatzaileek asteazkenean egindako agerraldian.

Neurri murriztatzaile berriak indarrean sartu diren honetan, krisia betikoen bizkar ezin dela utzi aldarrikatu zuten. Zentzu horretan, oraingoan bai, egin beharreko inbertsio guztiak egin daitezela eskatu zuten. Aldi berean, elkar zaintzen jarraitu baina mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu zen.

Deialdiarekin bat egin dutenak hauek dira: Oñatiko ostalariak; sindikatuak (ELA, LAB, STEILAS, Ikama); EH Bildu; Sortu; Duintasuna pentsionista taldea; gazte mugimenduak (Ernai, Gazte Asanblada); mugimendu feministak (Sara Feminista eta Bargastak); musika taldeak (Sharon Stoner, Patxi Luque, Larru beltzak, Tilikum, Letagin, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak, Bizarro, Aitor Regeiro, Lee-kore, Broken Legacy, Bitz, Juan Valls); kultura eragileak (Oñatz Dantza Taldea, Txinparta Bertso Eskola, Lizargarate Trikitizale Elkartea, Beratu jaialdia, Ertzetik irrati saioa, Algaraz Ikuskizun Elkartea, Zitzelkarixak), eta teknikariak (Iñaki Zubia eta Imanol Astudillo).