arrasate - Lau asteko egitaraua prestatu dute Arrasaten Josu Arkauz eta Unai Parot presoen “salbuespen egoera” azaleratzeko helburuarekin. Arkauzek 63 urte ditu eta 29 darama-tza espetxean. Parotek, aldiz, 62 urte ditu eta 30 daramatza preso. Une honetan Murciako eta Puerto de Santa Mariako kartzeletan daude “isolatuta”, hurrenez hurren.

Aste honetan egindako agerraldian bi preso hauei ez zaiela “legea aplika-tzen” salatu zuten Sareko kideek. “Atxilotutako garaian indarrean zegoen 1973ko kode penala aplikatu zitzaien. Kode penal honen arabera, izaera bera duten delituengatik bateratu egin daitezke zigorrak. Hots, nahiz eta 300 urteko zigorra jaso epaiketa desberdinetan, azkenean hauek guztiak 30 urtetan gelditzen ziren. Eta garai hartako legea aplikatuz, 30 urte horiei kendu behar zaizkie espetxean egondako tarte horretan lortutako erredentzioak edo espetxe zigorraren murrizketa. Bestalde, preso bat lehenengo, bigarren eta hirugarren graduetan sailkatu daiteke. Ezin dugu ahaztu legearen espiritua, eta honen arabera helburu nagusia zigortutako pertsona gizarteratzea dela. Baina, bi preso hauei lege arrunta ez diete aplikatu eta, gainera, etengabe trikimailu desberdinak erabiliz, zigorra luzatzen saiatu dira eta lortu ere bai”, kritikatu zuten.

Arkauz eta Parot aske geratu aurretik “Euskal Herrira hurbiltzea” eskatu zuten, “senideek urtean 102.000 kilometro egin ez ditzaten”. Jose Manuel Pagoaga Peixoto eta Eugenio Barrutiabengoa Arbe errefuxiatuen egoera ere salatu zuten.

Beraz, antolatutako ekitaldiak datorren ostiralean hasiko dira, Haizea Ziluaga eta Txema Matanzas abokatuek Kulturaten eskainiko duten Biziarteko zigorrik ez hitzaldiarekin. Hilaren 18an, aldiz, Argi izpiak txarrantxen artean liburua aurkeztuko dute, eta 27an, 30 urte kantuz azken ostirala egingo dute. Apirilaren 2rako manifestazioa deitu dute.