arrasate - Enpresak eta lan bila ari diren pertsonak elkartzeko helburuarekin, Debagoieneko Enplegu azoka antolatu dute otsailaren 13 eta 14rako. Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan izango da hi-tzordua eta dagoeneko 20 erakundek eta enpresek baino gehiagok azaldu dute parte hartzeko nahia.

"Azokan, batetik, enpresek dituzten negozio ereduak azaltzeko eta horiek burutzeko duten pertsonen beharrak zehazteko aukera izango dute. Eta, bestetik, lan bila ari direnek bere hautagaitza eta profilen azalpena egiteko bideak eskura izango dituzte", adierazi zuen atzo Debagoieneko Mankomunitateko lehendakari den Maite Antonek. "Talentuak eta enplegu aukerak bat egiteko gunea izango da azoka", gaineratu zuen.

Hala, stand ezberdinetan kokatuko dira Garaia Parke Teknologikoan bilduko diren enpresak, erakunde publikoak eta enplegu agentziak. "Bertan egingo dituzte gerturatzen direnekin elkarrizketak, zuzen-zuzenean. Gainera, beraien balio proposamenei buruzko aurkezpen txikiak egiten jardungo dira, etorkizuneko langileak erakartzeko asmoarekin. Kurrikulumak ere jasoko dituzte", azaldu zuen Mankomunitateko Garapen Agentziako arduradun den Koldo Azkoitiak.

hainbat sektoretako enpresak Merkataritza, zaintza, ostalaritza, automatizazio industriala eta robotika, I+G+B, teknologia adimenduna, ingurumen zerbitzuak eta elektronika bezalako sektoretako enpresak egongo dira otsailaren 13an (9.30etik 17.00etara) eta 14an (9.30etik 14.00etara) ospatuko den enplegu azokan. Debagoieneko Mankomunitateak Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapeneko, Turismoko eta Landa Ingurumeneko departamenduaren laguntzarekin abian jarritako ekimena beste ekintza batzuekin osatuko dute. Beraz, norberaren burua enpresaren aurrean nola aurkeztu ikasteko hiru tailer egingo dira herri desberdinetan: otsailaren 5ean Oñatin (Euskaldun berria gelan; Bidebarrieta 18), 6an Bergaran (Irizar jauregian), eta 7an Arrasaten (Mankomunitateko egoitzan), 9.30etik 12.30era bitartean.

Honetaz gain, hilaren 27an Talentua nola erakarri delako tailerra eskainiko diete enpresei, 9.00etatik 12.00etara. Izena emateko 943 79 30 90 telefono zenbakira deitu beharko dute interesatuek.

Otsaileko hitzorduaren ondoren, azokarekin bat egingo duten enpresek Topaguneak izeneko ekitaldian ere parte hartu ahal izango dute. Bertan, beraien lan eskaintzen hedapen egokirako bide ezberdinak lantzearekin batera, online presentzia hobe-tzeko ekintzak aztertuko dituzte.

Datorren astetik aurrera, www.debagoiena.eus/enpleguazoka webgunea jarriko dute eskuragarri, informazio zehatzagoarekin (enpresek izenak, lan eskaintzak....) eta elkarrizketetan izena emateko bidea emanez.

Azoka. Otsailaren 13an, 9.30etik 17.00etara, eta 14an, 9.30etik 14.00etara.

Tailerrak. Enpresei zuzendutako Talentua nola erakarri tailerra eskainiko dute hilaren 27an. Lan bila ari direnentzako Zure talentua erakutsi tailerrak ere antolatuko dituzte: otsailaren 5ean Oñatin, 6an Bergaran, eta 7an Arrasaten.

'Topaguneak'. Azokan parte hartuko duten enpresentzako.

Izen-emateak. www.debagoiena.eus/enpleguazoka webgunean. Azokaren gaineko informazioa jasotzeaz gain, elkarrizketetan eta tailerretan izena emateko aukera ere izango da.