Pandemiak baldintzatutako egoerara prestatutako egitaraua prestatu dute Eibarko Klub Deportiboaren hiru batzorde ezberdinek (Euskal Jaia antolatzen duen Kultura batzordea, Mendi taldea eta Kezka dantza taldea) udaberri honetako Euskal Jai berezirako. Programazioak kultura eta mendia uztartuko ditu eta ohiko ekintza eta ikuskizunekin gozatzeko aukera egongo ez bada ere, herritarrek kulturaz eta kirolaz disfrutatzeko parada izango dute, "aire zabalean eta egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak hartuta".

Aurtengo Udaberriko Euskal Jaia abiatzeko Jantzari, tradizioa eta parekidetasuna dokumentalaren proiekzioa eta egileekin solasaldia izango da datorren asteazkenean (19.00etan) Kezka dantza taldeak bere entseguetarako Bista Eder kaleko 12 zenbakian duen garajean. Edukiera mugatuta izango denez, bertaratzeko interesa dutenek aurrez egin behar dute lekuaren erreserba kezka@dan-tzan.com helbidera mezua idatzita.

Ekitaldi horrekin giroa berotu ondoren, hilaren 18an ospatuko da Euskal Jaia berezi honen egun haundia: Hasteko mendi buelta kulturala egingo da eta jardunaldia borobiltzeko goi mailako kontzertua izango da Arrateko santutegian.

Mendi buelta kulturala 9.00etan hasiko da Urkizutik eta parte hartzaileek (lau laguneko taldeetan banatuta) Akondia eta Aizketa igaroko dute, Arraten amaitzeko (interesatuek astearte eta ostegunetan eman dezakete izena Klub Deportiboan, 19.30etik 20.30era bitartean).

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mendi-buelta kulturalaren ibilbidea "eibartarrontzat eta inguruko natur eta mendizaleentzat oso ezaguna eta maitea den ingurunean burutuko da". Hori bai, txango horrek "hain ezagunak ez diren bideak ezagutzeko aukera ere eskainiko du".

Izan ere, "Urkizutik abiatuta Santa Kurutz, Usartza, Akondia eta Aizketatik pasata iritsiko da Arratera mendi buelta eta sorpresarik ere izan daitezke puntu horietako batzuetan".

Esan bezala, ibilbidea eguerdian borobilduko da Arraten eta 13.30ean antzinako musikan aditua den Euskal Barrokensemble talde ospetsuaren emanaldia egongo da bertako elizan.

Santutegiaren edukiera 100 pertsonara mugatuta izango da eta kontzertuaz gozatu nahi duten guztiek aurrez erosi behar dute sarrera (prezioa 5 eurokoa da). Horretarako Eibarko Klub Deportiboaren tabernatik pasa daitezke, astelehenetik larunbatera eta 17.00etatik 20.00etara bitartean, hain zuzen ere.

Hilaren 14an 'Jantzari' dokumentala egongo da eta 18an mendi buelta kulturala eta Euskal Barrokensemble taldearen emanaldia