uskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari zela, klaserako lan bat agindu zioten Jone Arriola elgoibartarrari eta honek euskal gazteek egunerokotasunean bizi dituzten gatazkak eta zalantzak jorratuko zituen euskarazko fikziozko serie bat ipini zuen mahai gainean.

Egindakoarekin gustora geratu zen Jone eta hasitako bideari jarraipena ematea erabaki zuen, beti ere, gauzatutako lana abiapuntu gisa hartuz, gradu amaierako proiektua osatzeko.

Unibertsitatean ondo baino hobeto baloratu zuten elgoibartar gazteak egindakoa eta irakasle batek bere proiektua Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako 2deo Sarien 2020ko deialdira aurkeztera animatu zuen. Hala egin zuen Jonek eta epaimahaiak lehiaketaren hiru sarietako bat gazteen bizipenak ardatz dituen seriea aurrera eramateko proiektuari eman zion (sariketara 99 proposamen aurkeztu ziren).

Horrela bada, orain dela bi urte klaserako lan bat bezala hasi zena, proiektu profesionalean bilakatzeko erronka du Jone Arriolak: “Halako proiektu handia bakarrik ezin nuela aurrera atera ikusita, nirekin Erasmus programan aritu ziren bi lagunengana jo nuen hasiera batean eta proiektuarekin bat egingo zutela esan zidatenean, guztiz beharrezkoa genuen laguntza profesionalaren bila joan ginen”, azaldu du Jonek berak.

Dagoeneko, Arriolak eta bere taldeak produkzio zuzendari bat, argazki zuzendari bat eta antzerkigintzan eskarmentua duten hainbat antzezle erakarri dtuzte Larrugorritan izena duen eta emakumeen protagonismo handia izango duen telesailaren proiektura. Honek sei atal izango ditu “baina momentuz lehen kapituluaren grabaketari ekingo diogu apirilean”, esan du Jonek: “Kalitatezko proiektu bat egitea da helburua eta hori erakutsi ondoren hurrengo atalak grabatzea da asmoa”.

Seriearen aurreneko atala aurkezteko bi hitzordu dituzte gazteek: “Maiatzean Tabakaleran aurkeztuko dugu eta ekainean Gasteizen”. Izan ere, taldeak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Elkarteen Federazioak sustatutako Batera diru-laguntza deialdiara aurkeztu zuen Larrugorritan eta epaimahaiaren saria jaso du “bere orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesagatik”.

‘Crowdfunding’

Larrugorritan gazteei zuzendutako euskarazko fikziozko seriearen proiektuak (drogak, sexua, identitate-arazoak, traumak, sare sozialak, maitasuna edota adiskidetasuna bezalako gaiak jorratuko ditu) Tabakaleraren eta Batera ekimenaren babesa jaso badu ere, “ikus-entzunezkoa era profesionalean gauzatu ahal izateko” 10.000 euro gehiago behar ditu talde eragileak eta hori lortzeko finantzaketa kolektiborako kanpaina abiatu du itsulapikoa.eus plataformaren bitartez.

“Gutxienez 3.500 eurora iritsi nahiko genuke sistema honen bidez eta laguntzeko prest dauden herritar guztiek martxoaren 29ra arte egin dezakete bere ekarpena”, zehaztu du proiektuaren bultzatzaileak.

Jonek euskal herritarrak animatu nahi ditu “gazte hasiberri eta profesionalen arteko elkarlanean” oinarritzen den Larrugorritan seriea aurrera eramaten laguntzera. Crowdfunding kanpainarekin 2.400 eurotik gora lortu dituzte jada baina oraindik herritarren laguntza ezinbestekoa da bost kidez osatutako kuadrilla batek emakumeen eta gizonezkoen estereotipo eta mitoekin apurtuko duen ikus-entzunezkoa egi bilakatuta ikusteko.

“Euskarazko eduki gehiago egiteko beharra dago, eta guk gure ekarpen txikia egin nahi dugu. Larrugorritan denon arteko elkarlan baten emaitza izan dezala”, amaitu du Jonek, lantaldearen izenean.