- Eibarko EAJko Udal taldeak atzo jakinarazi zuenez, euskalgintzarako "murrizketa serioak" aurreikusten ziren 2021eko Udal aurrekontuan. Jeltzaleen esanetan, "AEK euskaltegiak eta €eta Kitto! Euskara Elkarteak 23.067 euro gutxiago jasotzea zen Udal gobernuaren asmoa baina EAJk lortutako akordioaren ondorioz, ez dute murrizketarik izango".

Aurtengo aurrekontua onartzeko EAJ eta PSEren arteko akordioa 2020ko abenduaren 18an ezagutarazi zen eta "ordutik, 2021eko murrizketen mamua desagertu da €eta Kitto! eta AEKrentzat", esan du EAJko Udal taldearen bozeramailea den Josu Mendicutek.

Bere hitzetan, "murrizketen tentazioa beti izango dute euskalgintza lehentasunezko ez dutenek". Hori dela eta, jeltzaleek ohartarazi dute adi egongo direla, "Eibarren euskara bultzatzea posible egiten dutenei murrizketak ez egiteko, eta Udalak irizpide berberak izateko gizarte eragile anitzentzat".

Mendicutek uste du "Eibarko Udalak, eta bereziki PSOEren Udal gobernuak, euskararen aldeko jarrera sendoagoa erakutsi beharko lukeela". Izan ere, "Udal bilkuretan erdara da nagusi, nagikeria galanta dago erabilera areagotzeari dagokionez, eta axolagabekeria nabarmena gure herriaren euskalduntzean lanean dihardutenekiko. Txipa aldatzen saiatu beharko ginateke".

Euskalgintzari murrizketak ekiditeko aurkeztutako zuzenketak, jeltzale eta sozialisten aldeko botoa izan zuen hilaren 15eko Osoko Bilkuran; EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos abstenitu egin zirelarik.