Udalak Plan Integrala diseinatu nahi du Deba eta Itziar biziberritzeko

Udal Gobernuak beste alderdi politikoen eta herriko eragileen ekarpenak jasotzeko bilera erronda abiatu du

19.05.2020 | 00:29
Hainbat pertsona Debako espigoian pasiaran. Argazkia: Arnaitz Rubio

deba – Debako Udalak koronabirusaren krisiak sortu duen egoera zailari aurre egin eta herria biziberritzeko plan integrala diseinatzeko asmoa azaldu du. Plan horrek Debako herrigunean eta Itziarko Auzo Udalaren eremuan izango du eragina.

Gilen Garcia alkateak eta Itziar Irizar alkate ordeak aurreko astean zabaldutako ikus-entzunezko baten bitartez aurreratu zituzten plan horrek izango dituen ezaugarriak.

Alkatearen hitzetan, "ikusi dugu bizitzen ari garen osasun krisialdi honi, denborak aurrera egin ahala, beste kezka batzuk gehitu zaizkiola, ekonomikoak eta sozialak; eta horrek erakutsi digu krisialdia orokorra izango dela eta hortaz, erantzun integrala behar duela".

Horregatik, alkateak aurreratu du Udalak Deba biziberritzeko garatuko duen plana integrala izango dela, hau da, "arlo sozialak, ekonomikoak, zaintza, kultura edota hezkuntza bere baitan izango ditu".

Itziar Beristainek azaldutakoari eutsiz, Deba eta Itziar biziberritzeko Udalak martxan jarriko duen plana diseinatzerakoan "beharrezkoa da pentsatzea nola helduko dion pertsona nagusien beharrei, haurren zaintzari edota kontziliazioari" baina, era berean, "gure herriko kultura nola antolatu nahi dugu edo nola egin kirola" bezalako beste aspektu batzuk izan beharko ditu kontuan.

Elkarlanean oinarrituta Debako Udal Gobernuak ondo daki ezin izango duela bera bakarrik osasun krisiak eragindako egoerari aurre egiteko neurriak zehaztu.

Alkate ordeak esan duenez, "garai honek erakutsi digu elkarlana eta elkar zaintza duen garrantzia eta Deba biziberritzeko plan integral honek ere modu horretan landu egin nahi dugu".

Hori dela eta, Udal Gobernuak dagoeneko abiatu du Udalbatzarrean ordezkatuta dauden beste alderdi politikoekin eta herriko eragile ezberdiekin bilera erronda: "datozen egun edo asteetan proposamen bat aurkeztuko diegu beraien ekarpenak jasotzeko eta denon artean Deba-Itziar nola biziberritu nahi dugun adosteko", esan dute.