deba - Joan den urte bukaeran Debako Udalak haur eta gazteen euskararen erabileran urratsak emateko familietatik egin zitekeenaz hausnartzeko deialdia egin zuen. Lehen batzar haietan euskararen erabilerarekiko gurasoen kezka agerian geratu zen, baina ez ziren horretan gelditu eta ordutik hilero bilerak egiten jarraitu dute.

Orain, berriz, batzarretan parte hartu izan duten gurasoek aurrerapauso berri bat ematea erabaki dute, “Deban euskararen erabilera sustatzea” helburu duen Apain taldea sortuz.

Udaletik azaldu dutenez, azken asteotan “portzentaiak eta azalpenak jasotzen zituzten hainbat kartel ikusi da herriko paretetan” eta horiek “eratu den guraso taldeak herriko plazan euskararen erabilera neurtzeko egindako azterketaren emaitzak ziren”.

Lehen ekintza horren ondoren, Apain guraso taldeak herritar guztien partaidetzari irekita dagoen kafe-tertulia antolatu du datorren ostegunerako (18.30ean) Agirre jauregian, beti ere, “egoera desberdinak nola kudeatu edota beste herrietako esperientziak ezagutzeko”.