- Gaur herritarak kalera aterako dira emakumeen eskubideak aldarrikatzeko eta Buruntzaldeko bost udalerritan ekitaldiak egongo dira. Elkarretaratzeak eta manifestazioak izango dira.

Honela, Lasarte-Orian elkarretaratzea burutuko dute Okendo plazan 12.00etan eta biharko beste elkarretaratze bat deitu dute, toki eta ordu berean, Ukraniaren alde.

Astigarragan, 12.15ean kontzentrazioa egingo dute udaletxearen aurrean. Arratsaldean, 16.00etan, berriz, kafea eta pastak banatuko dira Emakumeon Etxean. Ondoren, 17.15ean, manifestazioa egingo da Emakumeon Etxetik hasita. Amai-tzeko, 17.40eko autobusa hartuko dute Donostiako manifestazio nagusian parte hartzeko.

Urnietan 18.00etan elkarretaratzea antolatu da, San Joan Plazan. Udalak herritar guztiak deialdian parte hartzera animatu ditu, emakumeen eskubideen alde aldarrikapena egingo baita.

Andoainen, Asanblada Feministak antolatuta, manifestazioa aterako da Goiko Plazatik 18.30ean.

Amaitzeko, Hernanin, Koordinadora Feministak antolatuta, 18.30ean abiatuko dira hiru zutabe Zikuñagatik, Zerbitzu Sozialetatik eta Etxeberritik. Guztiak Ezkiaga plazan elkartuko dira.

Hernanin, gainera, hilabete osorako egitaraua prestatu dute, ekitaldi gehien-gehienak Kulturarteko Plaza Feministan izango direlarik. Honela, ostegunean 18.00etan Gure hots izeneko dokumentala ikusteko aukera egongo da euskaraz. Zintan hainbat arlotako emakumeen ahotsak entzun daitezke, Arrate Fernández zuzendariaren eskutik.

Ostiralean, 18.00etan, Irene Arratsakin, Simone de Beauvoiren Bigarren sexua liburua hausnartuko da. Saioa euskaraz izango da, baina gaztelaniarako itzulpena egongo da.

Larunbatean, 19.30ean Leoka garbilekuan, Lore More taldeak Trapu zikinak antzezlana eskainiko du. Geuretik sortuak programaren baitan sortutako lana da.

Hilaren 14an Emakumeak eta atzerritartasun legea izeneko hitzaldia eskainiko da gaztelaniaz 18.00etan Amher SOS Arrazakeriak eskainita. Gainera, Amherrek, hurrengo egunean 18.30ean, ikasketen homologazioaz arituko da. Hitzaldia gaztelaniaz izango da ere.

Hilaren 25ean, Kultza dantza taldeak dantza topaketak prestatu ditu 19.15ean. Parte hartzeko izena eman behar da, martxoaren 18ra arte, Kulturarteko Plaza Feministarekin harremanetan jarriz. Hilabetea amaitzeko, Emakume arrazializatuak lan munduan mahai-ingurua izango da 29an.