Usurbilek kirola sustatu nahi du eta horretarako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Estrategikoa garatuko du. Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura lelopean, hausnarketa sakona, inklusiboa eta kolektiboa egin nahi dute, otsaila eta apirila bitartean. Horretarako, udal barruko lanketa propioaz gain, herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, kirol talde batean parte hartu zein ez. Prozesuko edukiak Udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dira, usurbil.eus/aktibatzen orrialdean.

Prozesua abiatzeko, hausnarketa talde bat osatu dute soslai desberdineko hainbat herritarrekin. Guztiek dute formakuntza eta esperientzia kirolaren eta jarduera fisikoaren alorrean. Beñat Larrañagak, Kirol zinegotziak, astelehen arratsaldean egindako agerraldian azaldu zuenez, "herriko zein beste toki batzuetako errealitateak ezagutzen dituzte, eta ziur gaude ekarpen oso interesgarria egingo diotela prozesuari. Lanketa ezberdinetan parte hartuko dute eta, jasotzen dugun informazio guztiarekin, estrategien definizioan lagunduko digute".

Gisa honetako prozesuetan aritua den Juanma Murua kirol aholkularia kontratatu du Udalak, prozesua diseinatu eta gauzatzeko. Murua arduratuko da herriko eragileekin hitz egin eta antolatuko diren saioak dinamizatzeaz. Oso prozesu parte-hartzailea izatea nahi dute.

Horretarako, hainbat lan lerro jorratuko dituzte. Batetik, Udaleko hainbat sailekin bilduko da. Bestetik, herriko kirol talde eta klubekin lanketa berezitua egingo du, eta dagoeneko finkatu dute egutegi bat.

Kirol talde edo klubetan parte har-tzen ez duten herritarrek ere euren ekarpena egin dezaten nahi dute, eta, horretarako, galdetegi bat zabalduko dute. Paperean zein sarean bete ahal izango dira, otsailaren 7tik 18ra bitartean. Galdetegiak kiroldegian, udaletxean eta Sutegin eskuratu ahal izango dira. DBHko ikasleei zuzendutako aparteko galdetegi bat ere egingo dute.

Galdetegiaz gain, bi bilera egiteko asmoa dute herritarrekin. Martxoan egingo dituzte, Eskola Kirolaren, kirol eskaintzaren eta instalakun-tzen inguruan hitz egiteko.