'Arnasa' film laburra grabatuko dute Hernanin

Azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitarte Onddiko baserri batean arituko dira

21.11.2021 | 00:15
Raúl Barreras, Xabier Lertxundi, Jabi Asurmendi eta Koro Etxeberria aurkezpenean. Argazkia: N.G.

Hernani – Raúl Barreras zinegileak Hernanin grabatuko du Arnasa film laburra azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitarte. Lan hau Udalbiltzak sustatzen duen Geuretik Sortuak izeneko programaren barruan koka-tzen da.

Proiektu horren xedea euskaraz egindako kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala sortzea da. Guztira, bost antzerki obra, bost film labur eta 16 idazleren lanak 2022an ikusteko aukera egongo da.

"Proiektuan parte hartzen dugun herri bakoitzak kulturgile bati egonaldi bat eskaintzen diogu eta sor-tzaileak bere kultur proiektua gara-tzen du gure herrian. Hernanin gaur gurekin dagoen Raúl Barreras zinegile karrantzarra hartu dugu", azaldu du Xabier Lertxundik, Hernaniko alkateak, aste honetan egindako aurkezpenean.

Barrerasek maiatzean hasi zuen Hernaniko egonaldia. Hasierako asmoa zuen homofobia eta adinekoen zaintzaren inguruan hitz egitea, covid-19ak eragindako egoeraren testuinguruan. "Baina denborarekin eta Hernaniko errealitatea ezagutu ostean, hasierako asmoa moldatu dut eta orain, covid-19a apur bat bazterrean utzi eta beste ikuspuntu batetik ari naiz", azaldu du Barrerasek.

Baserritarrekin hizketan aritu da hilabeteotan Raúl Barreras eta haiek esandakoak txertatu ditu film laburraren gidoian. Aktoreei dagokienez, Hernanikoak izaten saiatu zen, baina ez du lortu. Azkenean Eneko Sagardoy izango da protagonista eta Onddi mendi magaleko baserri batean grabatuko dute. Protagonistak ez badira ere, hernaniarrek ere parte hartuko dute.

Koro Etxeberria Kultura zinego-tziaren iritziz, Geuretik Sortuak Hernanirentzat eta hernaniarrentzat proiektu "aberatsa, erakargarria, osagarria, ausarta eta inportantea da". Gainera, "bat egiten du bete-betean azken urteetan sormenaren inguruan gure herrian abiatutako lan lerro berriarekin, esaterako, sormen beka, Dagaz dantza proiektua...", gogorazi du Kultura zinegotziak.

"Hernaniri Arnasa film laburra egokitu zaio eta oso pozik gaude. Proiektu polita da eta ondo landua dago, gai interesgarri eta mamitsua jorratzen du, lan talde ona osatu du Raulek, aipatu duen bezala hernaniarrak tarteko, eta herritarrentzat planteatzen dituen ekintzak interesekoak dira", gaineratu du Etxeberriak.

Jabi Asurmendik, Udalbiltzako lehendakariak, Geuretik Sortuak programaren zehaztasunak eman ditu. Asurmendiren esanetan, "oso pozik gaude gure proposamenak sortzaileen artean jaso duen eran-tzunarekin. 70tik gora proiektu aurkeztu ziren". Horietatik 26 aukeratu eta horiek garatzen ari dira orain Euskal Herri osoan. Literatura, an-tzerkigintza eta zinegintza diziplinak lantzen ari dira programaren baitan. Sortzaile bakoitzarentzat herria aukeratzeko garaian, "saiatu gara sortzaileak haien herrietatik kanpo eramaten; elkar ezagutza sustatzeko asmoz", erantsi du Asurmendik.

Beka Bestalde, Hernaniko Udaleko arte sorkuntza sustatzeko dirulaguntzaren 2021eko deialdia abian dago. Hernaniko artistei sorkuntza eta ekoizpen prozesuetan laguntzea da beka honen helburua.

Sorkuntzarako dirulaguntza deialdia urtero egiten da; bi urtez behin arte plastikoen proiektuak lagun-tzen dira eta, gainerakoetan, bestelako arte adierazpenak. Aurtengo deialdia arte plastikoak ez beste diziplinei zuzenduta dago: antzerkia, musika, dantza, argazkigintza...

Eskaera aurkezteko azken eguna abenduaren 6a da eta udaletxeko HHZ bulegoan egin behar da.

Egilea Raúl Barreras karrantzarra da eta herrian egonaldia egiten ari da Udalbiltzaren 'Geuretik Sortuak' programari esker


noticias de noticiasdegipuzkoa