- Martin Ugalde mendeurrena. Herriminaren prosak liburua argitaratu eta banatuko du Andoaingo Udalak. Herriko seme kutunaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, eragile ugarirekin batera ekintza-sorta antolatzen ari da.

1997 urtean Anjel Lertxundik idatzi zuen Martin Ugalde: leialtasun baten historia. Glosak lanaren osaketa da mendeurrenaren harira argitaratu den liburu berria. Hain zuzen ere, urte hartan Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan ohorezko aipamena jaso zuen Martin Ugaldek, euskarazko kazetaritzari egindako ekarpen bikaina esker-tzeko. Urte horretan bertan izendatu zuten Ugalde herriko seme kutun, hain justu. Orioko idazleak Ugalderi eginiko opari sentitua izan zen hura, bi idazleen elkarri zioten estimuaren eta zeukaten harreman estuaren emaitza.

Alex Huitzi Euskara zinegotziaren hitzetan, “lehen edizioa atera eta berehala agortu zen eta liburu horren falta sumatu da orduz geroztik, eskaera ugari egon baitira urteetan eta eskuratzeko modurik ez da egon”. Hala, “behar horri erantzun eta hutsunea bete eta osatzera dator berrargitalpen hau”.

Edizio berri eta osatu honek 1997 urtetik Martin Ugalde zendu zen 2004 urtera arteko gertakarien narrazioa jasotzen du. Honela, “Andoaingo idazlearen bizitza osoa hartuko du liburu berriak, baita osatu ere, eta andoaindar guztiek, honela, Martin Ugalderen bizitza irakurri eta ezagutzeko aukera izatea nahi dugu”, gehitu du Alex Huitzik.

Herritarrengana iristeko, Euskararen Erroldan izena emana duten herritarrei etxera helaraziko zaie liburua, ale bana familia unitateko. Egin diren banaketetatik kanpo, interesa dutenek Urigainen dauden Euskara Sailaren bulegoetan eskuratu ahal izango dute ale bat, edizioa agortu arte.