- Musika, bertsolari-tza, ipuin kontalaritza, irakurraldiak eta liburu azoka izango dira Hitz Andanaren laugarren edizioko edukiak, besteak beste. Hernaniko Udalak antolatuta, hitzaren inguruan eratutako jaialdia, irailaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean eta 2an izango dira.

Hernaniko Udalak, udal liburutegiak eta Dobera elkarteak elkarlanean antolatzen duten jaialdiak bi berritasun ekarriko ditu aurten: Chillida Lekun egingo den emanaldia eta lehenengo liburu azoka Atsegindegin.

Bertso saio musikatu batek abiatuko du aurtengo Hitz Andana. Emakumeak izango dira protagonista. Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita eta Ane Labaka bertsolariak Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikarien doinuan arituko dira bertsotan.

Egitarauarekin jarraitzeko bi egunetan segidan poesia izango da protagonista, nahiz eta estiloak eta transmititzeko erak guztiz ezberdinak izan. Esaten dugun argia poesia irakurraldi musikatua, esaterako, irailaren 30ean izango da. Loraldian egin zen emanaldi hau berrikuntza batekin dator Hernanira: Joxan Goikoetxeak eta Iosune Marínek musikatuko dituzte Karlos Linazasororen azken liburuaren poema batzuk.

Poesia eta dantza uztartuko ditu Kukai dantza taldeak Joseba Sarrionandiaren poesian oinarritutako Hnuy illa ikuskizunean.

Hitz Andanaren azken emanaldia Sorginak eta sorginkeriak izango da. Bertan Toti Martinez de Lezeak bere testuak irakurriko ditu musikaz lagunduta. Egun berean, urriaren 2an, Atsegindegin lehenengo liburu azoka burutuko da.

Emanaldietarako sarrerak eta gonbidapenak gaurtik aurrera egongo dira eskuragarri kultura.hernani.eus webgunean edo Biteri kultur etxeko leihatilan.