Orain arte, parte-hartze prozesuak 16 urtetik gorako urnietarrei bideratuta egon dira, baina aurten, ikastetxeen bitartez, Egapeko eta Magaleko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleen ekarpenak jasoko dira aurrekontu irekien parte-hartze prozesuan.

Alabaina, aurrekontu irekien parte-hartze prozesura bideraturiko 150.000 euroetatik 15.000 euro erabiliko dira ikasleek gauzaturiko proposamenak egiteko. Hauek 2021eko aurrekontuan txertatuko dira.

Parte-hartze prozesuen funtzionamendua eta helburuak azaltzeko eta proposamenek balekoak izateko bete behar dituzten baldintzak zehazteko saio pedagogikoak burutu dira ikasleekin. Hain zuzen, azalpen horiek guztiak eman dizkiete aste honetan gauzaturiko saioetan Jorge Segurado Urnietako alkateak eta Mikel Pagola zinegotziak Egapeko eta Magaleko ikasleei. Halaber, aurreko urteetan onartuak eta baztertuak izandako proposamenen gaineko adibideak jarri dizkiete ikasleei aurretik emaniko azalpenak adibide praktikoekin errazago ulertzeko.

Orain, bigarren lan saio bat egingo dute LH6ko ikasleek, gela bakoi-tzak Udalari egingo dizkion proposamenak adosteko. Horretarako epea izango dute maiatzaren 21 arte.

Hamasei urtetik beherakoekin egindako lehen esperientzia hau amaitu ostean ebaluatu egingo da, baina asmoa hurrengo urteetan jarraipena ematea da.

Bestalde, Urnietako Udaletik gogorarazi dutenez, asteburu honetan, gaur eta bihar, martxan jarri diren bi parte-hartze prozesuen inguruko azalpenak emateko karpa bat jarriko da herriko hainbat puntutan. Bi parte-hartze prozesu horiek herriko zein plaza edo parke estaliko den erabakitzeko eta bestea, berriz, hurrengo urteko aurrekontuko 150.000 euro zertan gastatu zehazteko burutuko dira.

Gaur goizean karpa Etxeberri plazan egongo da eta arratsaldean, aldiz, Guria tabernaren inguruan. Amaitzeko, bihar goizean, San Joan plazan izango da.