- Hamarratz serigrafia proiektu herrikoiari esker lortu du Uxue Bereziartua Lonbide artista hernaniarrak Hernaniko Udalak 2020ko Arte Sorkuntzarako beka.

Bereziartuak pozez jaso du 4.000 euroko saria eta irrikitan da udan proiektua martxan jartzeko. Aurkeztu beharreko lana erabakitzeko hastapenetan, arte plastikoak kalera nola atera izan zen bere buruhaustea, izan ere, bere sorkuntza ez du eskultura, horma-irudi eta antzekoetan burutu orain arte. Beraz, ondo ezagutzen duen teknika hautatu du: kamiseten gaineko serigrafia.

Ideia hori gauzatzeko, artistak Hernaniko zenbait auzotan sorkuntza tailerrak egitea proposatu du. "Polita iruditu zitzaidan irudi estatikotik haratago, sorkuntza nomada bat bultzatzea, alegia, kamiseta soinean eramanez. Horrekin, herritarren inplikazioa eta konplizitatea sortu nahi ditut proiektuarekiko", azaldu du.

Horrela, bost fasetan bereiziko da proiektua. Lehen fasean, sorkuntza prozesua abiatuko da, auzo bakoi-tzean deialdi ireki bat eginez. Bertan erabakiko da kamisetaren irudia. Ondoren, serigrafia taulak sortuko ditu artistak eta kamisetak serigrafiatuko dira herritarrekin, bigarren saio bat eginez. Hirugarrena, hedapen fasea izango da, soberan geratutako kamisetak zabalduz. Auzo bakoitzak erabakiko du zein auzotar kuttunari banatuko dizkion kamisetak. Herrian zehar ere ausaz banatuko dira kamisetak, sorkun-tza ahalik eta gehienarengana zabal dadin. Laugarren fasea ekintza bera izango da; hau da, kamiseta erabiltzea norberak kamisetarekin obra zabaltzeko. Azken fasean, urteurreneko efemeridea ospatzeko, kamiseta duten guztiei balkoi edo leihoetan zintzilikatzeko deia egingo zaie, artea kalera ateratzeko aldarrikapena eginez.