Zaintza eredu berria kolektiboki eraikitzeko asmoz, erakundeek, zaintzaren sektoreak eta komunitateko eragileek parte hartuko duten prozesu bat abiatuko dute Usurbilgo Udalak eta Matia Fundazioak. Zenbait bilera egin dituzte dagoeneko herriko hainbat eragile eta norbanakorekin, parte-hartze prozesuaren nondik norakoen berri eman eta haien inplikazioa lortzeko.

Proiektuan bi fase bereizi dituzte. Lehenengoan, zaintza eredu berria denen artean diseinatzea, eta bigarrenean, eredu hori herrian txerta-tzeko ibilbide-orria zehaztu eta gauzatzen hastea.

Lehenengo, prozesua gauzatzeko, talde eragile bat eratuko dute. Bertan parte hartuko dute laguntza beharrean dauden pertsonek eta euren zaintzaileek zein zainketen arloan funtsezkotzat jotzen diren eragile komunitarioek, sentsibilitate desberdineko pertsonak uztar-tzeko asmotan. Talde hori izango da proiektuaren motorra, nola garatuko den zehaztuko duena: talde horren lehenengo bilera maiatzean egitea aurreikusi dute.

Talde eragileaz gain, beste foro parte-hartzaile batzuk ere jarriko dituzte martxan, gainerako eragile eta herritarrek euren ekarpenak egin ditzaten.

Egungo zaintza sistema nolakoa den aztertzetik hasi eta Usurbilen nolako zaintza eredua nahi duten irudikatuko dute hurrengo hilabeteetan. Asmoa da urte amaierarako eredu berri hori definituta izatea, eta, 2022an, pixkanaka, aldaketak egiten hastea.

Amaitzeko, alkateak herritarrak gonbidatu zituen Elhuyar Solasaldietara, asteazkenean burutuko den saioa zaintzaren ingurukoa izango baita. Matiako kide Mayte Sanchok eta Emagin elkarteko Miren Arangurenek hitz egingo dute bertan; Sanchok iraupen luzeko zaintzaren inguruan, eta Arangurenek Beterri Buruntzako zaintza erregimenaren inguruan. Hitzaldia, 18.30ean, Sutegin izango da. Bertatik bertara jarraitzeko izena eman behar da usurbilkultura.eus atarian, eta streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da plataforman bertan.