dinekoek bideo konferen-tziak egiten eta Whatsapp aplikazioa erabiltzen ikasteko ikastaroak egingo ditu Usurbilgo Udalak. Covid-19ari herri gisa nola aurre egin hausnartzeko herriko hainbat eragilerekin egindako bileran azaleratu zuten adinekoek teknologia digitaletan trebatzeko eskaria, eta horri erantzuten dio, beraz, ikastaro honek.

Izen-ematea zabalik izango da datozen bi asteetan. Izena Gizarte Zerbitzuetara deituta eman behar da (943 377 110), eta bertako langileek behar duten informazio guztia emango diete adinekoei. Ez dute oraindik zehaztu ikastaroak noiz eta non izango diren, interesa dutenei galdetuko baitiete zein lehentasun dituzten. Hala, kaxkoan ez ezik, auzoetan ere antolatuko dituzte saioak, eskaera nahikorik izango balitz.

Lau orduko saioak izango dira, bi astetan banatuak. Nork bere telefonoa eraman beharko du saioetara. Presentzialak izango dira, covid-19a saihesteko neurri guztiak bermatuta. Horregatik, besteak beste, talde txikietan egingo dira.

Zahartze aktiboa sustatzea du helburu, besteak beste, ikastaroak. “Ongizateaz ari garenean, zahartze aktiboaz ere ari gara. Guztiok desio dugu ondo zahartzea: adinean aurrera egin ahala, gure autonomia ahalik eta handiena izan dadin saia-tzen gara”, nabarmendu zuen Itziar Basterrika Unanue zinegotziak lehengo astean egindako aurkezpenean. Adinekoek eurek egindako eskaera bati erantzuten dio ikastaroak. Izan ere, urriaren 28an herriko hainbat eragilerekin bilera deitu zuen Udalak, guztien artean hausnartzeko nola aurre egin covid-19ak eragindako osasun krisiari.

Adinekoak oso kontuan hartu zituen Idalak covid-19aren eztanda izan zenean, sektore zaurgarria izaki. Basterrikak gogoratu zuenez, 65 urtetik gorako herritarrei deiak egin zizkien, zer moduz zeuden galde-tzeko, laguntzarik behar ote zuten edo maiztasun batekin deitzea nahiko luketen jakiteko. Izan ere, covid-19ak, arazo berriak sortzeaz gain, lehendik egon bazeudenak areagotu egin zituen, eta horixe gertatu zen arrakala digitalarekin ere.

“Covid-19ak etxetik ezin irten utzi gintuen, eta agerian gelditu zen inguruan sare bat dutenek hobeto jasan zutela konfinamendu hura. Teknologia digitalekin abilagoak direnek ere bazuten abantaila gehigarria: etxetik atera ez, baina lagun eta senideekin ohiko bihurtu ziren bideo-deiak haientzat. Aurrez aurreko harremanik ez zen arren, antzeko esperientzia eskaintzen zuten bideo deiek, eta hori, zalantzarik gabe, egoera gogor bat arintzeko modua izan zen asko eta askorentzat”, azaldu zuen Basterrikak.

Bestelakoa izan zen egoera, aldiz, teknologia berriekin moldatzen ez direnentzat. Basterrikak aditzera eman zuenez, Eurostaten arabera, 65 eta 74 urte arteko Europako Batasuneko herritarrek gaitasun digital apala dute.

Basterrikak gogoratu zuenez, Usurbilgo Udala administrazio elektronikora jauzia egiten ari da, pixkanaka: “Batik bat, udal-jardunari lotutako prozesua da, udaletxe barrukoa, Konektatzen leloarekin ezagutzen duguna. Udalarekin digitalki konektatzeko tresnak sortzea bezain garrantzitsua da, ordea, herritarrak tresna horiek erabiltzen trebatzea”.

Oraingoz, bideo konferentziak eta Whatsapp aplikazioak erabiltzen ikasteko saioak izango dira, bakardadeari aurre egin eta hurbilekoekin kontaktua edukitzen jarraitzeko tresnak baitira.