- Bihar 17.00etan Hernaniko gaztelekua berriz zabalduko ditu ateak obrak amaitu ostean. Energetikoki eraginkorragoa izateko helburuarekin Hernaniko gaztelekuko argiteria, leihoak eta pertsianak aldatu ondoren, ateak bihar arratsaldeko 17.00etan irekiko dituzte.

Bertako erabiltzaileek proposatutako horma kolore berriekin, herriko nerabeentzako espazio goxo eta erosoa prestatu da. Dekosocialek neurrira egindako eserlekuak ere jarri dira. Beraz, behin eraberritze lanak amaituta, Hernaniko gaztelekuak nerabeei espazio propioa eskainiko die.

Inaugurazioarekin batera, zerbi-tzua ezagutzera emateko nerabeei, gurasoei eta, oro har, herritarrei zuzendutako bideo bat plazaratuko da Hernaniko gaztelekuko eta udal Gazteria Arloko sare sozialetatik. Bideoan, Ixone, Nerea, Xabi eta Esther hezitzaileek zerbitzuaren inguruko azalpenak ematen dituzte. Zerbitzuko erabiltzaileen partaidetzarekin grabatu eta editatu du bideoa Birak Produkzioak.

Hernaniko gaztelekua 12-17 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdi zerbitzu hezitzailea da. Izan ere, herriko nerabeei aukera zabala eskaintzen die zaletasun berriak praktikatzeko, esperientzia berriak bizitzeko, interesekoak dituzten ekintzak antolatzeko eta beste nerabeekin batera bizipenak parteka-tzeko; baita hausnarketak, elkarrizketak, kezkak elkarbanatzeko edota lasai egoteko lekua ere.