- Aste honetan bertan hasiera emango die berriz adinekoen jarduera fisikoko saioei Astigarragako Udalak. Honela, adinekoen gimnasia ikastaroa bihar jarriko da martxan eta Ttipi-Ttapa jarduera asteazkenean. Kiroldegian eman behar da izena parte hartzeko.

Bi jardueren kasuan egun bakarrean eman ahal izango da izena hasiera batean, eta bigarren egunerako interesa dutenek, plaza libreak dauden ziurtatu arte itxaron beharko dute, ahalik eta pertsona kopuru handienari parte hartzeko aukera emateko.

Adinekoen gimnasiari dagokionez, ahal den guztietan aire librean egingo da, asteartetan eta ostegunetan 10.30etik 11.30era. Prezioa bost eurokoa da hilean egun bat egiten bada, eta astean bi saio egiten dituenak hamar euro ordaindu beharko ditu.

Saio guztian zehar musukoa derrigorrezkoa izango da. Kasu honetan ere parte-hartzaileen artean azpitaldeak egingo dira. Erabiltzen den materiala ez da partekatuko eta erabileraren ondoren desinfektatuko da. Taldea, hamar pertsonetakoa, kiroldegian elkartuko da eta egun bakoitzerako monitoreak programatutakoa eramango da aurrera.

Ttipi-Ttapa ibilaldiak, ordea, asteazkenetan eta ostiraletan burutuko dira 10.30ak eta 11.30ak artean. Parte-hartzaile kopurua hamabikoa izango da gehienez, baina seiko bi taldetan edo burbuiletan banatuta egingo dute jarduera.

Saio guztian zehar derrigorrezkoa izango da musukoa jarrita eduki-tzea eta ez da kirol materialik erabiliko ezta partekatuko.

Taldea Joseba Barandiaran plazan elkartuko da eta handik hasiko dute programatutako ibilbidea.