Urnieta | Onddi-mandoegi estazio megalitikoa babesten

07.12.2020 | 02:27
Hiru langile Amunola harrespila inguruko belarra mozten. Argazkia: N.G.

Kontuan izanda Urnietako udal-mugartean Onddi-Mandoegi2 estazio megalitikoko monumentu-multzoaren zati bat dagoela, Urnietako Udalarentzat funtsezkoa da kultur ondare hori babestea, defendatzea eta aberastea.

Konkretuki, Onddiko zista3; Aballarri, Otsolepo eta Pozontarriko lepoa trikuharriak; Eteneta III4ko tumulua; Mulisko Gainako multzo megalitikoa; Amunola eta Elurzuloko harrespilak; Arleorko zabala; eta Eteneta I, Tximista eta Tximistako Egiako harrespilak, urte honetan ere, Lurrailan enpresaren bidez horiek mantentzeko eta balioesteko jarduerak gauzatu dira.

Landare-garbiketako jarduketak egin dira kontu handiz eta kontrol arkeologikoaren pean hurbileko egitura eta perimetroetan, landutako megalitoen egitura eta bilgarriak osatzen dituzten blokeak zatikatzea edo kaltetzea saihesteko. Lan hauek 3.000 euro baino gehiagoko inbertsioa jaso dute.

Udalaren esanetan, ekimen horren helburua da kultura-ondasun horiek kontserbatzeaz gain, egungo belaunaldiek ondasun horiek ezagutu eta goza ditzaten sustatzea, iraganaren aparteko herentzia gisa, eta, era berean, ondasun horiek etorkizuneko belaunaldietara ahalik eta baldintza onenetan helaraztea, helburu eta aprobetxamendu bererako.

"Euskal kultura eta ondarea dira gure herriaren nortasunaren adierazpen nagusiak eta herri honek kultura unibertsalari egindako ekarpen historikoaren lekuko garrantzitsuenak", esan dute Udaletik.

Gauzak horrela, Udalak aldian-aldian egiten ditu mantentze-lanak. Izan ere, balio historiko handia izateaz gain, paisaia balio handia ere badu, eta bisitari askok bisitatzen du Onddi-Mandoegi.

Alabaina, joan den uztailean, Udalak zenbait konponketa egin zituen Munieskuegañako gentilbaratzean, Foru Aldundiak bidalitako zaharberritzaile baten laguntzarekin, norbaitek bi lekuko hautsi zituelako. Multzo hau burdinaren garaikoa da eta lau harrespilez, zista bikoitz batez, monolito batez eta bi egituraz osatuta dago.