- Luix Mari Zaldua filologoak Antonio Garmendia, Urnietako azken zesteroa hitzaldia eskainiko du euskaraz gaur Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean, 19.00etan. Sarrera doan da, baina aforoa kontrolatzeko xedearekin beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea Sarobeko leihatilan edo online, bibe.me plataformaren bitartez.

Hitzaldi hau Udalak antolatu du eta gogora ekarri duenez, Urnietako herriak betidanik izan du harreman estua saskigintzarekin, nahiz eta gaur egun desagertutako lanbidea izan. Aurreko mendearen hasieran, 17 saskigile familia bada omen ziren Urnietan eta horren berri emateko, herriko azken saskigilea izan zen Antonio Garmendia oroituz, lanbide horren gaineko informazioa jasoko dute bertaratzen direnek.

Hizlaria 1965. urtean jaio zen Urnietan. Euskal Filologian doktorea (Deustuko Unibertsitatea), Zaldua Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioko zuzendaria da eta Euskaltzaindiak 2018ko uztailaren 20an Euskaltzain urgazle izendatu zuen. Bere zenbait idazlanen artean Saroiak eta kortak (2006) eta Urumeako zilegimendietako toponimia tesia (2011) aurkitzen dira.

Udaletik azpimarratu dutenez, hi-tzaldi hau Ondarearen Europako Jardunaldien baitan kokatzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan, Europako Kontseiluak sustatutako Ondarearen Europako Jardunaldiak ekintzaren edizio hau antolatzen du. Erakunde ugariren partaidetzarekin, programa honek ondare kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi du.

Bestalde, Urnietako Udalak udazken honetarako kultur programazio oparoa antolatu du eta jendea animatzeko ikuskizunetarako sarreren zozketekin jarraituko du.

Honela, Puro Relajo musika taldeak bere ikuskizuna eskainiko du urriaren 25ean Egape Ikastolako Azkorte eraikinean (eguraldi txarrarekin Lizardi kaleko eraikinean) 18.00etatik aurrera.

Sarrerak bost euro balio du, baina Udalak bi sarrerako lau sorta zozkatuko ditu urriaren 18 arte izena ematen duten urnietarren artean. Zozketan parte hartzeko Saroben jarritako kutxatilean edo udal webgunearen bitartez izena eman daiteke.

Gainera, Aioko familia ikuskizuna eskainiko du igande honetan 18.00etan Zurrunka Teatroak Sarobe arte eszenikoen gunean. Udalak sarreren zozketan parte hartutako saridunen izenak jakitera eman ditu eta hauek dagoeneko urnieta.eus webgunean ikus daitezke.