- Zubietaren inguruko hainbat alderdi izango dituzte aztergai herritarrek udazkeneko parte-hartze prozesuan, saioen emaitza Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) txertatzeko. Datorren urtean onartu nahi da HAPOa hasieraz. Dokumentu honek hurrengo hamar edo hamabost urtetarako Usurbil marraztuko du.

Zubietako auzoak nortasun propioa duen aldetik, gogoeta gune berezitu bat sortzea erabaki zuen Usurbilgo Udalak, etorkizun hurbila zubietarrek irudika dezaten.

Udalak, beste ezer baino lehen, Zubietako Herri Batzarrari aurkeztu zion bere asmoa, eta prozesuaren nondik norakoak elkarrekin landu zituzten. Halaber, Donostiako Udalari ere aurkeztu diete egitasmoa. Haiek HAPOa berridazteko fasean ez badaude ere, Usurbilgo Udalak abiatuko duen prozesuan interesa adierazi eta parte hartzeko konpromisoa hartu dute. "Zubietaren berezitasunak kontuan hartuta, garrantzitsua iruditzen zaigu Donostiaren inplikazioa izatea, eta, horren erakusgarri, prozesuaren aurkezpenean izango da", nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak.

Urriaren 8an Zubietako frontoian aurkeztuko dute prozesua Usurbilgo eta Donostiako Udalek, Zubietako Herri Batzarrak eta EHUk. Ekitaldia herritarrei irekia den arren, beharrezkoa da izena ematea, edukiera kontuengatik, hirigintza@usurbil.eus helbidean. Bilera 18.30ean hasiko da.

Guk Zubietan Zer parte-hartze prozesuan EHU izango da gidari. Alkateak azaldu duenez, zeregin hori erakunde objektibo batek garatzea garrantzitsua da Udalarentzat. Hala, EHUko ArkitekturaFfakultateko ikertzaile talde batek diseinatu eta gidatuko du, eta urri eta azaro bitartean burutuko da prozesua.

Zubietako espazio publikoan jarriko den erakusketarekin emango zaio hasiera prozesuari. Pasa den ikasturtean EHUko Arkitektura Eskolako ikasleek hainbat tokitan espazio publikoaren eta hiri ekipamenduen inguruan egindako lanak erakutsiko dira.