- Astelehena, irailaren 14tik aurrera Bastero Kulturguneko leihatila herritarrei zabalduko zaie, aurretiazko hitzorduarekin (943 303 540 telefonora / basteroataria@andoain.eus). Urigain kultur etxean ere herriko elkarte, talde edota bizilagunek areto nagusia erabiltzeko erreserba eginez (www.andoain.eus).

Basteron udazkeneko programazioa ere izango da. Zuzeneko ikuskizunen ilusioa berreskuratu nahi da eta programazio potentea izango da. Besteak beste, Oreka Tx, Golden Apple Quartet eta Izaro izango dira Andoainen. Dantza ikuskizunak eta helduen eta haurren antzerkia ere izango dira. Zinea ere gaur hasiko da.

Sarrerak modu elektronikoan erostea gomendatzen da www.bastero.eus webgunean urriaren 10etik aurrera (bakoitzak bost eskuratu ahalko ditu). Leihatila, hala ere, ostegunetan zabalik egongo da, 10.00etatik 13.00etara eta 16.30etik 19.30era.

Kultur ikastaroei dagokienez, ikasle berriek izena emateko aukera izango dute irailaren 14tik 18ra hitzorduarekin eta udal liburutegia ere martxan da, baina mailegu zerbitzua hitzordu bidez izango da orain arte bezala.

Musika eskolak ere irailaren 14ean hasiko du ikasturtea 400 ikasle ingururekin, eta bien bitartean Galardi Haurreskolak ikasturtea hasi du 40 ikasle ingururekin.

Basteroko erakusketak ere martxan jarriko dira bete beharreko neurri guztiekin. Lehen erakusketa, COVID-19a dela bertan behera geratutako Andoaingo emakumeei buruzko argazki erakusketa izango da. Ondoren, Ondarreta ikastetxearen 50. urteurrenekoa izango da eta mende ezberdinetako euskal jantzien ingurukoa ere bai.