-2017an itun bat adostu zuten Erloj-Eruak taldeko kideak eta Udalak Usurbilgo San Salbatore elizako erlojua zaharberritzeko. Orain, egin beharrekoak eginda, jatorriko lekura itzultzeko lanekin hasi dira eta elizako balkoira igo dute.

Hurrengo urratsa erlojuaren gelara igotzea izango da, zeina berritu egin duten erlojua zaharberritu bitartean. Hiru bat astez egon da erlojua Sutegiko erakusketa gelan, herritarrek bertatik bertara ikus zezaten, eta astelehenean eraman zuten, azkenik, elizako dorrera.

Historia handikoa da erloju hori, herriarekin duen gertutasunagatik. Benito Yeregui Goldarazenak egin zuen, eta 1912. urtean muntatu zuen elizako dorrean. Tradizio luzeko errementari-erlojugileen familiakoa zen Benito. Bidea zabaltzen lehena Francisco Yeregui izan zen, 1760an Leitzan jaioa: hark egina da Beteluko San Pedro elizako erlojua, 1796an. Ordutik, bost belaunaldik jarraitu zuten langintza horretan: Benito, hirugarren belaunaldikoa izan zen.

Benito 1843an jaio zen, Betelun (Nafarroa). 1872an Aginagara joan zen bizitzera, Martina Manterolarekin ezkonduta, eta Ezpaldi Berriko sutegian jarraitu zuen errementari-erlojugile lanetan. Erloju guztiei jarri zien zenbaki bat: Usurbilgoak 80a darama, eta egin zuen azkenekoa izan zela uste da.

Benitok eraikitako erloju gehienak Ezpaldi Berriko sutegian egin zituen, eta halaxe adierazten zuen erlojuen identifikazio plaketan: "Construido en Aguinaga de Usurbil".

1907. urte inguruan Zumaiara lekualdatu zen, eta 1910ean Benito Yeregui e Hijos enpresa sortu zuen, bere seme zaharrenarekin batera, Calixto Yereguirekin. Han egin zuen Usurbilgo elizako erlojua, eta Morez bezala izendatu zuten.

Uztailean, Sutegiko erakusketa zabaldu zutenean, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu zuenez, herriko ondarea zaindu, berreskuratu eta balorean jartzea da Udalaren xede nagusietako bat: "Kultur ondarearen sorburuetan arakatu, gure aurreko belaunaldiak izen-abizenez ezagutu, euren langintzen berri izan eta horren berri eman, ondorengo belaunaldiok ezagut dezagun".

Horrez gain, erlojua elkarlanean zaharberritu izana goraipatu zuen: "Hori gabe, nekez egin zitekeen. Bestelako balio batzuk nagusitzen ari diren gizarte eta gobernantza ereduen aurrean, elkarlanaren, lankidetzaren, eta auzolanaren apologia egin nahi dut, nekez eraiki baitaiteke komunitatea komunitaterik gabe".

Izan ere, erlojua "herriak duen altxorra" den heinean, auzolanean berreskuratzea izan da proiektuaren helburua, eta horretarako hi-tzarmena sinatu zuten Udalak eta Erloj-Eruak taldeak.

Erlojua elizako dorretik jaitsi, garbitu eta zaharberritu egin zuten, eta, erloju-gela berrira igo eta martxan jarri aurretik, herritarrek bertatik bertara ikusteko aukera izan zezaten nahi zuten eta horregatik antolatu zen erakusketa.

Taldekideek nabarmendu zutenez, hemendik aurrera, Usurbilgo arte ondarearen parte izango da erlojua bera ere.

Zaharberritzean parte hartu duten norbanako eta eragileak: Erloj-Eruak (Juan Mari Agote, Ramon Alkorta, Karmele Arizmendi, Joan Luis Atxega, Jexux Beloki, Pello Hernandez, Iñaki Mujika eta Jexux Pagola) eta Yeregui Elkartea (Xabier Alvarez Yeregui, Begoña Arruti, Joan Mari Elosua eta Tomas Bergara).

Zaharberritze prozesuak ere laguntzaile asko izan ditu: Usurbilgo Udala, Salbatore parrokia, Urdaintzi Eraikuntzak, Juantxo Burdindegia, Martxelo Garraioak, Botaleku Zurdindegia, Berriola eta Haratago.

Usurbilgo Udalak eta Erloj-Eruak taldeak 2017an hitzarmen bat sinatu zuten XX. mende hasierako erlojua zaharberritzeko