Lasarte-Oriako Santa Ana eguneko parodia Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan egingo da COVID-19aren eraginez. Ekitaldia uztailaren 26an izango da, 22.00etan, eta beharrezkoa izango da gonbidapena lortzea.

Pandemiarengatik ezarritako osasun neurriak bermatzearren, Ttakun Kultur Elkarteak antolatu ohi duen Santa Ana eguneko parodia tradizionala, Okendo plazan antzeztu beharrean, lekuz aldatuko da, eta esan bezala, aurten kultur etxera eramango dute. Aforoa mugatua denez, auditorioa bezalako toki itxi batean jende pilaketak saihestea errazagoa da.

Gainera, zuzenean ikusi ahal izateko, gonbidapena eduki beharko da, tokia 188 lagunentzat mugatua baitago. Gonbidapenak eskatzeko epea agortu da.

Gonbidapenak eskatu dituztenen artean bihar zozketa egingo da, eta gehienez bi emango dira pertsona bakoitzeko. Sarrera lortzen dutenek uztailaren 23an jaso ahalko dute, 16.00etatik 18.00etara, Manuel Lekuona kultur etxeko leihatilan.

Usadio handiko emanaldia da, gerra ostean berpiztu zena. Gauzak horrela, eta sar daitezkeen pertsonen kopurua mugatua denez gero, aurten streaming bidez transmitituko da, Youtubeko esteka baten bitartez (https://www.youtube.com/watch?v=0mEKqdKR2gE&feature=youtu.be).

Ttakunetik jakitera eman dutenez, formatu berezia izango du aurtengo parodiak: antzezle gehienak bideoz grabatutako esketxak prestatu baitituzte. "Horiek uztartuko dituzte kultur etxean zuzenean egingo diren pasarte batzuekin, antzezle batzuk bertan egongo baitira", adierazi diote Ttakuneko lagunek herriko Txintxarri aldizkariari.

Santa Ana parodia umorez betetako auzi bat da. Bertan, urtean zehar herrian gertatutako albiste eta anekdota aipagarrienei errepasoa egiten da. Gaiak antzerki egunera arte sorpresa izaten dira, baina aurten ez da zaila izango koronabirusaren pandemiari aipamena egingo zaiola iragartzea.

Ohitura da antzerkian epaileak, Basajaun, Santa Ana eta San Joakin eta testiguak egotea. Epaiketa buka-tzerakoan, parte hartu duten pertsonai guztien bizipena entzun eta gero, epaileak Santa Ana eta San Joakin gertatutakoaren errudunak diren edo ez erabaki behar du.

Baina, Santa Ana eta San Joakin egunean, Lasarte-Oriako egutegiko azkeneko festetan, parodiaz gain beste ekintza batzuk ere antolatzen dira. Ohi denez, Brigitarren komentuan 11.00etan egingo den mezaren ondoren, 12.00etan Erketz taldeak Agurra dantzatuko du Santa Ana karkaban.

Bestalde, festa hauetan antolatzen diren beste ekitaldi batzuk bertan behera gelditu dira; esaterako, Sendoki elkarteak asteburuan Okendo plazan antolatzen ohi duen artisau azoka. Segurtasun neurriak berma-tze aldera, ez egitea erabaki da.