- Koronabirusaren ondorioz hartutako euste-neurrien ondoren, Gizarte Zerbitzuen sailaren bitartez, Urnietako Udala lanean ari da elikagaiak edo botikak bakarrik erostera irteteko arazoak izan ditzaketen pertsona guztiak identifikatzeko.

Printzipioz, 65 urtetik gorako pertsonekin edo elbarriren bat dutenekin edo gaixo edo bakartuta daudenekin ari dira lanean. Dena dela, identifikatu gabe dagoen pertsonaren batek ere behar horiek balitu, Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daiteke laguntza eska-tzeko 943 008 349 telefonoaren bidez.

Pertsona horien beharrei bere baliabideekin erantzuna ematen saiatuko da Udala, baina nahikoak ez badira, Udalari lan horiek borondatez egiteko eskaini zaizkion pertsonekin harremanetan jarriko da. Zentzu horretan, Urnietako Udalak urnietarrak izaten ari diren jarrera eskuzabal eta eredugarria eskertu nahi du.

Bestalde, koronabirusaren ondorioz, Urnietako Udalak bere eraikinak ixteko erabakia hartu zuen, baina konfinamendu epean horien erabiltzaileei aukera alternatiboak eskaintzeko asmoz, lanean ari dira Udaleko sail desberdinak.

Gaztelekuak esaterako, gazteak entretenitzeko asmoz, bere Instagram kontuaren bitartez (@gaztelekua_urnieta) hainbat proposamen igoko ditu denbora pasatzeko. Dagoeneko, hieroglifikoak, errezetak eta eskulanak igo ditu.

Musika eskolak bestalde, ikasleek etxean ikasteko ohiturari eutsi ahal izateko lan dinamika berria martxan jarriko du. Horretarako, irakasleak haien ikasleekin harremanetan jarriko dira WhatsApp edo posta elektroniko bidez etxetik lan egin ahal izateko.

Kirol saila bere aldetik, lanean ari da etxean ariketak egiteko hainbat bideo herritarren eskura jartzeko.