- Azkeneko bi urteetako murrizketak amaitu ondoren, aurten, hilaren 30ean, XXXIV. Sagardo Eguna kalera irten eta ohiko formatua berreskuratuko du.

Atzo egindako agerraldian antola-tzaileek jakitera eman zutenez, datorren larunbatean, 12.00etatik aurrera Foru plazan, lehen txotxaren eta irrintziaren ondoren, hamar sagardo postu zabalduko dira.

Zita nagusia, ordea, 18.00etan Zumardian izango da txotx ofizialaren irekierarekin. Bertan 37 sagardotegietako azken uztaren dastaketa eta txahala errea, Eusko Labelen eskutik, egongo dira. Horiez gain, Ataungo talogileak eta, egun guztian zehar, kale animazioa eta artisau postuak egongo dira.

Bost euroren truke edalontzia, pintxo eta errifa salduko dituzte eta beraz aurreko urteetako lepoko zapiak dituztenak etxetik jantzita ekartzeko deia egin dute.

Urtero lez, aurkezpenean Sagardo Egunaren alde lan egin duten pertsonak omentzen dituzte. Aurten Maria Jesus irrintzilaria, Artola eta Neka txalapartariak eta Zumardiko kioskoko Peio goraipatu dituzte.

NOTICIAS DE GIPUZKOAk Sagardo Eguna babesten du.