Larrialdi egoerarik gabeko lehen ospakizuna izango dute hondarribitarrek asteburu honetan Inauteriekin. Hiritarrek festa poztasunez jasoko dutela ziurtzat ematen bada ere, Txomin Sagarzazu alkateak datozen larunbat eta igandean zuhurtziaz jokatzeko mezua bidali nahi izan zien atzo hondarribiarrei: "Ezin dezakegu pentsatu dena pasatu denik".

Hirian Inauteriak ospatzeko "beharra" sumatzen delaz jabetuta, besteekin "sozializatzeko eta ondo pasatzeko aukera ederra" delako, Udalak festa hauetako dinamizazioan paper garrantzitsua duten kolektibo eta pertsonekin adostutako zenbait prebentzio neurri ezarri ditu.

Ekintza hauen lanketa urtarrilean zehar egin zuen tokiko administrazioak, kolektibo horiekin batera. "Denok helburu berarekin ari gara lanean eta eskerrak eman nahi dizkiet izan duten jarrerarengatik", adierazi zuen atzo Sagarzazuk.

Festetako programak aurreikusten dituen ekintzen berri emateko arduraduna Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia izan zen. Ekintzak banan-banan azaldu zituen eta lehenengoa Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak antolatzen duen kalejira izango da, ostegun arratsaldean. Ondoren, ostiralean, Itsas Etxeko auditorian Unic@s antzezlana eskainiko da, 20.00etan.

Asteburuari begira, larunbatean goiz hasiko dira ekintzak, 9.00etan, Emeki Elkarteak antolatutako mairuen desfilearekin, Sainduatik abituta hiriko baserrietik ibiliko dena. Arratsaldean, 15.30ean, Euskal Inauteria burutuko da baserriz-baserri, Meakako Adixkideak Dantza Taldea eta Egoipar Meaka Euskal Dantza Taldeen eskutik.

Igandeko Inauterietako desfilean sumatuko dira aldaketa gehienak. "Aurten desfilean parte hartuko duten guztiak San Juan de Dios ingurutik aterako dira, ez da hitzordurik egongo Alde Zaharrean", azaldu zuen zinegotziak. Konpartsen ordena hurrengoa izango da: lehenengo Hondarribitik kanpoko konpartsak joango dira, gero Abiyuan txaranga eta jarraian Hondarribiko taldeak. Ibilbidearen aldetik, desfileak Sabin Arana kalea, Bernat Etxepare eta Zuloaga kalea zeharkatuko ditu, Itsasargi kalean amaitzeko; beraz, ez da San Pedro kaletik pasako. Aldaketak jende pilaketak sahiesteko egin dira.

Ekintza hauez gain, Inauterietako kartel lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa ikusgai jarri da Arma Plazako turismo bulegoan.

Igandeko Inauterietako desfilearen ibilbidea ez da San Pedro kaletik pasako, jende pilaketak sahiesteko hartu diren neurrien arabera