- Irungo Udalaren sare sozialetan Gabonetako kanpainaren nondik norakoen berri ematen da zuzenean egunero. Hala ere, Hirigintza arloko geolokalizazio-zerbitzuak beste ekimen bat abiarazi du aurten, Irungo plano baten gainean modu errazagoan programa osoa bistaratzeko. Ekimenaren helburua gabonetan egingo diren ekitaldi guztien programazioa denbora errealean ikustea da, eta mugikorrean, tabletan, ordenagailu eramangarrian edo mahai gainekoan erabiltzeko diseinatua dago. Udal zerbitzuek datuak eguneratzen joango dira berritasunak zabaltzeko edo jarduera gehiago txertatzeko, baten bat eguraldiagatik bertan behera geratzen bada abisua emateko edo bestelako aldaketak jakinarazteko (adibidez, pandemiaren kontrako neurrien ondoriozkoak). Aplikazioa udal webgunearen (irun.org) egutegiaren sekzioan aurkitu daiteke.