- Irungo Udaleko Obra arloak jakinarazi duenez, gaur eta bihar (irailak 29 eta 30) lan ba-tzuk egingo dira Etxeberriko bidean, lehen zatian, Santa Elenako ermitatik irteten den puntuan. Zehazki, elementu batzuk instalatuko dira (polietilenozko mugarri batzuk eta egurrezko hesi ba-tzuk), autoak bide bazterrean ez aparkatzeko. Izan ere, jendeak autoa hor uzten duenean segurtasun-arazo larriak sortzen dira, bidean gora doazen ibilgailuek aparkatutakoak inguratu behar baitituzte. Horrela, bertan aparkatzea saihesteko eta inguru horretako bide-segurtasuna hobetzeko, aipatutako elementu horiek jarriko dira. Gainera, ingurunean hobeto integratzeko itxura dute mugarriek eta hesiek. Jarduketak 260 metroko bide zati bati eragingo dio. Lehen puntuan polietilenozko mugarriak jarriko dira 70 metro inguruko eremu batean, eta ondoren metalezko hesi bat, egurrez estalitakoa, ondoko 190 metroetan. Lanen kostua 17.798,83 eurokoa izango da guztira, BEZa barne.