Hondarribia ere maiatzaren 11etik aurrera hiri erdigune guztietan 30 kilometro orduko abiadura muga ezarriko da eta Juan Luis Silanes Mugikortasun zinegotziak aste honetan jakinarazi duenez, hirian arau berrietara moldatzeko lan gehienak eginak daude joan den urtetik. Izan ere, trafiko seinale berriak ipintzeko lanak pasa den irailean hasi ziren.

Nolanahi ere, zinegotziarentzat trafiko aldaketa berriek "herritarren bizitzan eragin positiboa" izango dute, hauen helburua ez delako "soilik hiri-bideetako ezbehar-tasa murriztea, baizik eta oinezkoei eta garraiobide jasangarriei lehentasuna ematen dien hiri-eredu batera joatea". Silanesen arabera, Udalak urteak daramatza hiri atseginago eta iraunkorrago baten aldeko apustua egiten, "oso emai-tza positiboarekin".

Lanketa horrek mugikortasun neurrien ezarpenean Hondarribia "prosizio probilegiatuan eta oso aurreratua" egotea ahalbidetu duela baloratu zuen zinegotziak, hartu beharreko neurriak hiriko kale askotan aspalditik martxan daudela gogoraraziz. Horregatik, astearteko dekretuak ez ditu hondarribiarrek espero luketen bezain beste aldaketarik suposatuko Hondarribiko trafiko abiadura mugetan.

Hala, udalerri osoan abiadura muga 30 kilometro ordukoa izango bada ere, jende pilaketa askoko bi kaleetan (Zuloaga kalea eta Harresilanda kalea, Zumardiaren pareko tartean) gehienezko abiadura 20 kilometro ordukoa izango da.

Bestalde, Labreder eta Sabin Arana kaleak eta Baserritar etorbidea 50 kilometro ordutik 30ra pasako dira. Hondartzako errepidea, Ramon Iribarren kalekoa, 30 kilometro orduko gehienezko muga berria izango duen beste eremu bat da.

Hiriarteko beste errepide batzuek gaur egungo mugak izango dituzte; hala nola, aireportuko errepidea edo mendebaldeko saihesbidea (Txiplau industrialdekoa), Santa Engraziako biribilgunearen eta Labrederreko biribilgunearen artean.