- Constantino Virtoren bizitzan zehar pintura, historia, arrantza eta arkitektura alorretan egindako ekarpenak jasotzen duen erakusketa antolatu du Arma Plaza Fundazioak bere bulegoetako bigarren solairuan. Beraz, Virtoren lanen bilduma, Constantino ezagutzen izenpean, datorren maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai, sarrera librearekin, Arma Plazako instalakuntzen ohiko ordutegian: astelehenetik larunbatetara 10.00etatik 18.00etara eta igandetan 10.00etatik 14.00etara.

Ekimenaren aurkezpena atzo burutu zen, erakusketan bertan, Txomin Sagarzazu alkatearen eta Constantinoren bi alaben eskutik, Miren eta Isabel Virto. Alkateak Constantino ezagutzen zuen eta bere buruz "jakituria handiko gizona zela" nabarmendu zuen, "prezisio maila oso garatukoa". Bere bizitza osoan "pertsona kritikoa" izan zela eta oso alor desberdinetan "beti aportazio interesgarriak" egin zituela gehitu zuen Sagarzazuk.

Ildo horretan, Virto urte askoz Fundazioaren laguntzailea izan zela gogorarazi zuen alkateak; izan ere, Arma Plazak argitaratu zuen lehenengo liburuaren egilea izan zen Constantino. Argitalpen horretan, Arrantzaleak izenekoa, Hondarribiko itsas munduari buruz zuen jakinduria hiriaren esku jarri zuen Virtok. Horrez gain, beste alorren artean, autoreak Erdi Aroko arkitekturaz asko zekiela aipatu zuen Sagarzazuk.

Familiaren aldetik, Isabel Virto oso pozik agertu zen erakusketaren antolakuntzarengatik. "Guretzat hau aitaren mundua da, bere lana ikusten hazi ginen eta beti oso arrunta den zerbait gisa ikusi dugu. Baina hemen bere obra osoa bilduta ikusteak uste genuen baino balio gehiago duen lana dela argi utzi digu", zioen Isabelek. Amaitzeko, Constantinoren alabak eskerrak eman zizkien Arma Plazako patronatoari, erakusketa prestatzen lan egin duten guztiei eta Iosu Alvarez zinegotziari, ekimena bultzatzeagatik.