- Bertako baserrietan ekoiztutako produktuen saskiak eskaintzeko ekimen berritzaile bat aurrera eramango du Hondarribiko Udalak. Tokiko ekoizleen sektorearekin duen elkarlanean beste pauso bat eman nahi izan du bertako produktuen azokarekin duen lankidetzaz baliatuta.

Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak atzo jakitera eman zuenez, ekimenak Hondarribiko baserritarren lana eta hauen kalitate handiko produktuak balioan jar-tzeko beste urrats bat izatea du helburu. “Herritarrei tokiko produktuen saski bat erosteko aukera eman diegu, sasoiaren arabera, jakina”, azaldu zuen zinegotziak, otarreak lortzeko prozeduta “erraza” dela nabarmenduz.

Bertako produktuen sasiak lor-tzeko interesa duten hondarribiarrek udal webgunean sar daitezke (hondarribia.eus/egungo-otarrea estekan, zehazki) eta bertan ekimenean izena eman ahal izango dute. Otarreen erreserba egiteko, posta elektronikoa, izen bat eta telefono zenbaki bat eman beharko dute hiritarrek. Ondoren, San Pedro kaleko larunbatetako azokan baserritarrek bere barazki eta bestelako produktu onenekin prestatuko saskiak eskuragai egongo dira erreserbak egin dituztenentzat.

Azoka egiten bada, otarreak Botika baserriaren postuan jaso beharko dira; eguraldi txarragatik edo beste gertakuzunen ondorioz azoka bertan behera uzten bada, aldiz, saskiak Donosti kaleko 25ean dagoen Garua artisau-okindegi eta kafetegian jaso beharko dira.

“Negu gorrian, egungo saskiak porru sorta bat, zerba sorta bat, zatitutako barazki poltsa bat (azenarioa, porruak, etab.), ogi zuri bat, lore sorta bat eta eskarola, letxuga eta perrexila ditu. Saskiaren edukia aldatzen joango da urtea eta baserriko produktuen sasoia aurrera joan ahala”, amaitu zuen Silanesek. Ildo honetan, udal webguneak saskiek izango dituzten produktuen hautaketa hamabost egunean behin egingo dela argitzen du, nahiz eta urtaroak, noski, eragin handia izango du hautaketa prozesuan.

Ekimen hau Silanes zinegotziak aste honetan iragarritako beste nobedadeetara gehitzen da. Izan ere, pasa den astelehenean, Ingurumen arloko aurrekontua aurkezteko prestsaurrekoan, zinegotziak azokaren irudi berria aurkeztu nahi duela jakitera eman zuen, Gobernuak bertako ekoizleen eta azokaren aldeko “apustu serioa” egin baitu.

Ildo berean, ingurumenari udal webgunean toki “berezia” eman nahi zaiola adierazi zuen zinegotziak; otarreen proiektuarekin bide horri ekin zaio dagoneko.