Pasa den astean Itziar Sistiagak Hondarribiko Kultura zinegotziarekin, Juan Luis Silanesekin, eta Yolanda Arrieta idazlearekin egin zuen agerraldiak 2020ko otsailean irundarrak zituen desirak egia bihurtu zirela argi utzi zuen: Zuloaga Etxeko tailerra arrakastatsua izan zen. Izan ere, Silanes prentsaurrekoan jakitera eman zuenez, "iaz ikastarorako lekuek berehala agortu ziren". Ikastaroak, gainera, "oso ondo funtzionatu zuen", zinego-tziaren hitzetan, eta horregatik Udalak aukera gehiago eskaini nahi ditu aurtengoan, bereziki pandemia testuinguru honetan, "jendeak bere kezkak eta sentimenduak adieraz ditzan" idazketaren bidez.

Beraz, aurtengo berrikuntza nagusia tailerra euskaraz jasotzeko aukera da, Yolanda Arrietaren eskutik. Euskarazko ikastaroak hamabi plaza izango ditu eta hilean bi tailer aurreikusten dira, larunbatetan 11.30etik 13.00etara, urtarrilaren 16tik aurrera. Arrietaren ustez, eguna oso aproposa da klasea emateko: "Larunbatetan jendea gustura egoten da, zerbait desberdina egiteko gogoz". Era berean, idazlearentzat "beti da une egokia idazteko eta irakurtzeko, baina gauden testuingurua agian are egokiagoa da".

Sistiagarentzat, aldiz, bigarren urtea izango da sormenezko idazketa irakasten Zuloaga Etxean. Irundarrak, bere aldetik, tailerrak "sormenaren alderdi guztiak jolasaren bidez lantzeko planteatzen direla" azpimarratu zuen, sormenaren garrantzia goraipatuz: "Azken aldian asko salbatu gaituela uste dut".

Gaztelerazko tailerrak, Sistiagak telematikoki emango dituenak, urtarrilaren 12an hasiko dira eta astearteetan izango dira 18.30etik 20.00etara. "Pasa den urteko astearteak elkartzeko, ondo pasatzeko, barre egiteko, igarotzen ari garen guztitik pixka bat ateratzeko eta beste mundu batzuk irudikatzeko egun bihurtu ziren", adierazi zuen Sistiagak, aurtengoak berdinak izatea espero duela gehituz.

Ikastaro hauetan izena emateko epea zabalik dago larunbatera arte, urtarrilak 9, Zuloaga Etxeko erakusmahaian, liburutegia@hondarribia.eus helbide elektronikoan, 943111285 telefono zenbakian edo 688860846 telefonoan, Whatsapp bidez. Izena emateko inskripzio orriak bete beharko dira, eta prin-tzipioz, ez da bestelako baldintza berezirik bete behar parte hartzeko. Izan ere, Sistiagak pasa den urtean azaldu zuen bezala, ikastaroa hasiera mailakoa da; hau da, ez da inolako esperientzia behar tailerraz gozatzeko.

Tailerretan izena emateko epea zabalik dago larunbatera arte, urtarrilak 9, Zuloaga Etxean, posta elektronikoz edo telefonoz