- Florentxio Arrieta hondarribiarra herenegun goizean zendu zen. Hala iragarri zuen Udalak atzo, bere samina honen familia eta lagunei helaraziz. Arrieta, hirian bi hamarkadaz zinegotzi izandakoa eta herrigintzan hainbat alorretan bizitza osoan lan handia egin zuen pertsona izanik, 80 urtekin joan zen. "1991tik 2011. urtera arte Eusko Alkartasunako (EA) zinegotzi izan zen Hondarribiko Udalean, Nekazaritza eta Txingudiko Zerbitzuakeko ordezkaritzan aritu zelarik nagusiki", gogorarazi zuen atzo Txomin Sagarzazu alkateak. "Urte askoz Jaitzubiko Elkartearen bultzatzailea izan zen", jarraitu zuen Sagarzazuk, Arrieta bizitza publikoan inplikazio handia izateaz gain "bertsolaritzaren, herri-kirolen eta jaien sustatzaile nekaezina" ere izan zela nabarmenduz. "Hondarribiko Udaletik bere familiari eta gertukoei hurbiltasuna eta samina adierazi nahi diegu", amaitu zuen alkateak.