- Hondarribiko Amuitz Merkatarien Elkarteak eta Udalak sentsibilizazio kanpaina bat abian jarri dute bertako saltokietan kontsumoa sustatzeko, Gabonak ate joka daudela profitatuz.

Maria Serrano Merkataritza eta Sustapen Ekonomikorako zinego-tziak adierazi zuenez, kanpainaren lehen urratsa sare sozialetan gaurtik aurrera zabalduko diren sei bideo izango dira. Ikus-entzunezko horietan, zinegotziaren hitzetan, “Amazon, eBay eta horrelako plataforma handietan ez erosteko” eta, aldiz, gabonetako erosketak hiriko saltokietan egiteko mezua helarazi nahi zaie hondarribiarrei.

Horrez gain, datozen egunetan merkataritza dinamizatzeko bi lehiaketa martxan daudela gogorarazi zuen Serranok: alde batetik, inskripzioak abenduaren 21era arte irekiak izango dituen Gabonetako erakusleiho leihaketa eta, bestetik, Fan Fan Fan Challenge izendatu dutena.

Azken ekimen hau Udalak eta Amuitzek antolatutako lehiaketa berri bat da eta parte hartzeko Hondarribiko denda batean minutu bat edo gutxiago irauten duen bideo bat grabatu eta fanfanfanchallenge@gmail.com posta elektronikora bidali beharko dute hiritarrek. Bideoak abenduaren 29ra arte bidali ahal izango dira eta ondoren, hilaren 30ean, Hondarribiko merkatariek osatutako epaimahaiak hiru irabazleak erabakiko ditu. Bideo garailearen autoreak 1.000 euro irabaziko ditu tokiko merkataritzan kontsumitzeko; bigarren eta hirugarren saridunek 600 eta 400 euro jasoko dituzte.

Bestalde, Euskadi Bono Denda ekimenaren barnean hirian martxan dagoen kanpaina hilaren 31era arte beherapenak eskaintzen jarraituko duela gogorarazi zuen Serranok. “Bertan, 30 euro erosita %33ko deskontua egiten da da, baldin eta establezimenduak kanpainan alta emanda badaude”, azaldu zuen zinegotziak. Saltokiak izena emateko epea luzatu zela eta, kanpainara bederatzi establezimendu gehiago atxikitu direla iragarri zuen Serranok; orain bonoak Hondarribiko 41 dendetan erosi daitezke.

Amuitz elkarteko kide den Sonia Herce merkatariarentzat gabonetarako abiatu diren ekimenak “oso positiboak” izango dira, bereziki “egoera zail honetan”. “Bertako merkataritza sustatzeko antolatzen diren ekimen guztiak begi onez ikusten ditugu”, jarraitu zuen Hercek hondarribiarrei hiriko saltokietan erostera gonbidatuz.