- Durangoko azokan aurkeztutako nobedadeak hirira hurbiltzeko intentzioarekin, Hondarribiko XXVI. Euskal Liburu eta Diska Azoka ateak zabalik izango ditu bihar arte goiz eta arratsaldez Arrantzale Auzoan, San Pedro kalean. Urtero bezela, azokan saldutako produktuek %10eko beherapena izango dute.

Ekitaldiaren aurkezpenean, Txomin Sagarzazu alkateak, hondarribiar askok "liburuak Durangon, seguraski, eskatu eta erosi" dituzten arren, Hondarribian ere liburuak eskuratzeko "aukera badagoela eta egin behar dela" nabarmendu zuen. Hain zuzen ere, euskal liburuaren industriaren atzean dagoen "lan handia" aintzat hartzeko azokara hurbiltzea eskatu zien hiritarrei alkateak.

Sagarzazurekin batera, Josu Zabaleta euskal itzultzailea azokaren aurkezpenean egon zen, alkatearen eskutik urtero iazko azokan gehien saldutako liburuaren idazlea saritzen duen Hondarribia Saria jasotzeko. Zabaletak aurtengo saria itzulpenari ematea asko eskertu zuen; izan ere, berarentzat ez daudelako euskal idazle eta itzultzaileak, euskal literatura baizik: "Horiek bateratzen diren egunean seguro asko gauza asko aldatuko direla".

Zabaletaren iritziz, itzulpena munduan euskaraz bizitzea errazten duen ezinbesteko tresna da. "Gaur egungo munduko literaturak munduko problemei erantzuten die, hemengoei eta Indonesiakoei; munduan euskaraz bizi nahi badugu itzulpenaren bidez izan behar da, ez dago beste erremediorik", jarraitu zuen saridunak.

"Euskal literatura autonomoa izango baldin bada, pertsonak ekonomikoki autonomoak garen bezelaxe, zorrak, kulturalak kasu honetan, askorekin izan beharko ditu, eta zor horiek itzulpenak egiten ditu", argitu zuen Zabaletak.