- Dirulaguntza deialdi baten bitartez, Hondarribiko Udalak ekintzailetza, lehiakortasuna eta hiriko merkataritza eta zerbitzu sektoreen modernizazioa sustatu nahi ditu. Txomin Sagarzazu alkateak deialdiaren aurkezpenean azaldu zuenez, hau “Hondarribia Abian planaren barnean dagoen ekimen bat da”, eta horren bitartez, Hondarribiaren garapen sozioekonomikoa indartu nahi da, bereziki Udalari kezka sorrarazten dion pandemia egoerak dirauen momentu honetan.

Zehazki, Udalak 60.000 euro bideratuko ditu batetik, ekintzailetza proiektuei sostengua emateko, eta bestetik, enpresei bere lehiakortasuna hobetzeko sostengua emateko. Maria Serrano zinegotziak gogorarazi zuenez, dirulaguntza lerro honen lehenengo edizioa iaz deitu zen, eta bigarren txanda honetan 2019an Hondarribiko enpresek abiarazi zituzten ekintzailetza proiektu berriak diruz laguntzeko 25.000 euro bideratuko dira, eta lehiakortasuna hobetzeko egin zituzten ekimen edo obrak laguntzeko 35.000 euro egongo dira.

Gainera Alde Zaharrean garatutako ekintzailetza proiektuek salbuespen bat izango dute, Udalaren helburua gune historikoari bultzada ematea baita. Hala, ekintzailetzako laguntzak handiagoak izango dira kasu horretan.

Amaitzeko, Sagarzazuk Udalean datorren asteak eta hilabeteak “gogorrak izango direla” badakitela adierazi zuen, eta horregatik laguntza hau tokiko administrazioak abiaraziko dituen laguntzetako bat dela, baina ez dela azkenekoa izango baieztatu zuen.