- Euskadi Saltoki-Bonua kanpainararen baitan, Hondarribiko Udalak 300.000 euro bideratuko ditu hiriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko: 150.000 euro merkataritza eta ostalaritzarako eta kopuru berdina turismo sektorerako.

Txomin Sagarzazu alkateak pandemiak azken hilabetean hiriko ehun ekonomiakoan izan duen eragin handia nabarmendu zuen atzo. "Uste dut oro har uda behintzat nahiko ondo joan zela aipatu dezakegula, baina udazkenaz ez gara hori jasotzen ari", adierazi zuen alkateak. Ildo horretan, Udalak eta beste administrazio publikoak hori arintzen laguntzeko zenbait pauso eman dituztela gogorarazi zuen Sagarzazuk. Bonu kanpaina hau, Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatzen dena eta hiriburuetako udalek eta Eudelek babesten dutena, pausu horietako bat da, euskal administrazio ezberdinak "norabide berdinean arraunean" ari direlaren froga, Sagarzazurentzat.

Alkateak azpimarratu zuenez, programaren helburua Hondarribiko establezimenduetan kontsumoa sustatzea da, beren jarduerari eusten laguntzeko. "Badakigu une gogorrak direla, horregatik, Udalak kanpainarekin bat egiten du, kontsumorako pizgarri izan dadin eta gure hiria bizirik iraun dezan", amaitu zuen Sagarzazuk.

Kanpainari buruzko xehetasunak Serranok eman zituen eta, lehen fase batean, ekimenean parte har-tzeko hiriko establezimenduek izena eman beharko dutela azaldu zuen. Bonuak erabili ahal izateko saltokientzako inskripzio epea pasa den urriaren 6ean hasi zen eta datorren asteartean, hilak 27, itxiko da. Hori egiteko, Hondarribiko merkatariek eta ostalariek Eusko Jaurlaritzaren plataformara jo beharko dute (euskadi.eus webgunean) eta bertan atxikitze-formularioa bete beharko dute. Hala ere, bilaketa errazteko, kanpainan izena emateko erabili behar diren esteka zehatzak udal webgunean (hondarribia.eus) aurkitu daitezke. Momentuz, programara hiriko 45 saltoki atxikitu dira.

Bonuak urriaren 28an jarriko dira eskuragai eta datorren astean zehar Udalak beste komunikazio kanpaina bat abiatuko du, aldi honetan hiritarrei zuzenduta, deskontuak lortzen hasi daitezen. Horretarako, hondarribiarrek atxikitako txikizkako merkataritza establezimenduetan ondasunak erosteko dirulaguntzak erosi beharko dituzte, bertan eskuragarri egongo den deskontu-bonu mota bakarraren bidez. Horietako bakoitza hamar euroko deskontu-bonu bat izango da, eta atxikitako establezimenduetan egiten diren 30 euroko edo gehiagoko erosketetan aplikatuko da.

Erabiltzaile bakoitzak gehienez lau bonu erosteko aukera izango du, guztira 40 euroko deskontua lortuz, eta establezimendu bakar batean edo bat baino gehiagotan erabili ahalko dira. Saltokiek pertsona fisiko onuradunaren datuekin beteko dituzte bonuak, gehienez lau erabiltzen direla zihurtatzeko. Azkenik, deskontuak urriaren 28tik abenduaren 31ra egindako erosketetan erabili ahal izango dira.

Deskontu-bonuak establezimenduek beraiek aplikatuko dituzte, erosketa egiten duten pertsonak identifikatu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direla egiaztatu ondoren; hau da, Gipuzkoako, Arabako edo Bizkaiko eta hemezortzi urtetik gora dituen edonork Hondarribiko bonuak eskuratzeko aukera izango du.

Bonuen onuradunek hamar euroko lau deskontu lortzeko aukera izango dute Hondarribiko programara atxikitutako saltokietan