- Nahiz eta koronabirusaren pandemiak oztopo ugari jarri, Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteko boluntarioek Irungo Koadrila Eguna antolatu nahi izan dute beste urte batez. Beraz, taldeko kideek ostiral honetan azaldu zutenez, 2020 urtea ez da Koadrila Egunik gabe geratuko; are gehiago, ekimena bi aldiz ospatuko da.

Lehenengoa ohiko datan egingo da, ekainaren 27an, baina programazio guztia egoerari egokitutako segurtasun baldintzak betetzeko moldatu behar izan dute antolatzaileek. Horregatik, eta Ficobak duen egoera kontuan harturik, bertan egin ohi diren jarduerak ezingo dira aurrera eraman. Hala ere, egun horretarako programa aktibitatez beterik egongo da: goizean goiz Irungo txistulari banda Irungo auzoetan ibiliko da; 10.00etan Koadrilen Olinpiadak hasiko dira, aurten sare sozialen bidez burutuko direnak; 14.00etan puztukiekin globotxupinazoa egitera deitu du Betti Gottik Irungo edozein tokitatik eta ondoren koadrilen bazkariak ospatuko dira, nahiz eta talde bakoitzak etxe, jatetxe edo lokal pribatuetan egin. Bukatzeko, herri bazkarian parte hartuko dutenei abestera eta sare sozialetan zintzilikatzera gonbidatu diete antolatzaileek.

Kodrila Egunaren bigarren atala azaroan ospatuko da eta, horretarako, laburmetrai lehiaketa bat deitu du Betti Gottik. Parte-hartzaileek zortzi laguneko taldeetan eman beharko dute izena eta lanak, gehienez 20 minutukoak, ekainaren 15etik irailaren 30era aurkeztu ahal izango dira. Ekimenaren bi zatien informazio guztia bettigotti.eus webgunean dago eskuragai.